EH Bilduk bi proposamen aurkeztu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan garraio publikoa hobetzeko: Lehenik eta behin, MUGI txartelarekin egindako garraio aldaketa guztiak doakoak izatea. Bigarrenik, Lurraldeko 117 linea eta 516 ibilbideetan dauden markesinak egokitzeko plan bat eskatu dio Diputazioari.

“Egunerokoan gure ohiko beharrei erantzungo dion garraio publiko eroso eta eraginkor bat lortzeko, ez dira milioiak xahutu behar proiektu erraldoietan. Herritarrengan benetan eragina duten hobekuntzak egin behar dira”, azpimarratu du Jon Albizu batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariaren ustez, “oso garrantzitsuak dira azken lau urteotan mugikortasun egoki eta iraunkorraren alde burutu diren aurrerapenak. Adibidez, Mugi txartel bakarraren sorrera, autobus zerbitzuetan eman diren hobekuntzak edo bidegorriak egiteko inbertsioak. Hortaz, Foru Gobernu berriari eskatu nahi diogu bide horretatik jarraitu dezala, herritarrei zerbitzu on bat emateko, herri eta eskualde arteko harremanak sustatzeko eta gaur egun autoz egiten diren bidaiak murrizteko”.

Jon Albizuk aurkeztutako bi proposamen zehatz eztabaidatuko dira bihar Batzar Nagusietan. Lehenik eta behin, MUGI txartelarekin egiten diren garraio aldaketa guztiak doakoak izatea. “Aurreko legealdian lortu genuen kasu gehienetan horrela izatea, eta operadore desberdinen artean egiten diren aldaketetan, bidaiaren %25 ordaintzea. Hori lehenengo pausua izan zen, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu: bada garaia doakotasuna zabaltzeko. Horrela, zerbitzu ezberdinak modu merkeago batean uztartzeko aukera egongo litzateke”.

Honekin batera, Albizuk azpimarratu du Gipuzkoan dauden markesina askok hobekuntza nabarmenak behar dituztela. Izan ere, garrantzitsua da geltokiak ondo identifikatzea, eta bertan itxaroteko toki atseginak izatea. Horregatik, Diputazioari eskatu dio markesinak berritzeko plan bat. Izan ere, aurreko legealdian geraleku guztien egoerari buruzko diagnostikoa egiten hasi zen, beraz, lan hori bukatzen denean, markesinak hobetzeko plan bat aurkezteko momentu egokia izango da.