Gipuzkoako Ogasuneko diputatuak bere alderdikoa den alkate zordun batekin izan dituen harremanak eta negoziaketak azaltzeari uko egin dio gaur Batzar Nagusietan. EH Bilduren ustez, EAJko ordezkariak izan duen jarrera lotsagarria izan da, ez baitu inongo informaziorik eman. Arduradun publiko bezala, gipuzkoar guztion interesa defendatu beharko luke diputatuak, eta ez Administrazio publikoarekin zorrak dituen alkate jeltzalearena. Baina Foru Gobernua gero eta ilunagoa da, batez ere bere alderdikide eta lagunekin. Informazioa ezkutatzen die herritarrei eta ez ditu argibideak eman nahi.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok Ogasuneko diputatuaren agerraldia eskatu zuen prentsan argitaratu zenean Zestoako alkateari udal soldata enbargatzeko agiandua eman zuela Diputazioak. Alkateak berak erantzun zuen komunikabideetan, baina emandako azalpenak ez dira batere argiak. Lehen egunean, Ogasunarekin negoziatzen ari omen zela esan zuen. Hurrengo egunean, zorra jada kitatu zuela. Gaur, diputatuak ez du argitu ez bata ez bestea. Gainera, Zestoako alkateak kargua hartu orduko %47 igo zuen soldata, urteko 52.707 euroko ordain saria ipiniz, eta herritar guztien diruarekin zati bat enbargatu dio Ogasunak.

EH Bilduren ustez, Foru Gobernuak aukera paregabea zuen informazioa emateko, negoziaketa egon den ala argitzeko. Baina Ogasuneko diputatuak ez erantzutea erabaki du. “Oso larria da EAJren ezkutukeria eta gardentasun falta. Diputatuak ezin ditu bere ardurak ezkutatu zerga datuen konfidentzialtasunaren atzean, are gutxiago kargu publiko bati buruz ari garenean. Datuen konfidentzialtasuna urratu gabe, azalpenak eman ahal ditu. Adibidez, zergatik ez du argitu Zestoako alkateak Foru Gobernuko kargu politikorekin bildu den ala ez?”, galdetu du Xabier Olanok.