Diputazioak aitortu du errauskailuaren zorra bere gain hartu beharko duela, eta horrek eragina izango duela Egonkortasun Legearen eta gastu sabaiaren betetzean. Beraz, errauste plantaren eraikuntzak, egingo balitz, hipotekatuko luke Gipuzkoako inbertsio ahalmena hurrengo hiru urteetan, jan egingo dituelako beste behar batzuetara bideratu zitezkeen baliabideak. Foru Gobernuak, gainera, onartu du abuztutik Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren izaera aldaketaren jakitun izan arren, informazioa ez ematea erabaki zuela. Horrek agerian uzten du EAJ eta PSEren ezkutaketa errauskailua eraikitzeko sortutako entramatuan.

Ingurumeneko diputatua eta Aurrekontuetako zuzendaria Batzar Nagusietara etorri dira gaur, EH Bilduk eskatuta, kontsortzioaren izaera aldaketari buruzko argibideak ematera. Lehenik eta behin, gaur egungo egoera ekonomikoa EH Bilduri leporatu nahi izan diote, baina Xabier Olano bozeramaileak gogorarazi duenez, “GHKren zorra 2011an Markel Olanoren gobernuak blindatutako SWAP neurrigabekoen eraginez sortu zen. Hortaz, ezin da esan EH Bilduren errua dela. Izan ere, aurreko legealdian errauskailua gelditzeari esker zorra murriztu zuen GHKk, beraz, egoera askoz okerragoa izan zitekeen”.

Gainera, Xabier Olanok ohartarazi du Diputazioak errauskailua eraikitzeko zor berria bere gain hartu behar izateak, Foru Administrazioaren egoera ekonomiko- finantzarioa kolokan jarriko lukeela eta instituzioaren egonkortasuna desorekatu. Izan ere, datorren hiru urteetan 84,4 milioi euro inbertitzea aurreikusi dute, eta horrek hipotekatuko luke Gipuzkoako inbertsio ahalmena, jan egingo dituelako beste behar batzuetara bideratu zitezkeen baliabideak, adibidez, gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez egitera.

EAJ-PSEko ordezkariek aitortu dute Estatuko Administrazioak abuztuan jakinarazi zuela informazio berria, eta aurrekontu zuzendariaren hitzetan, “bonba” bat izan zela. Orduz geroztik, beraz, nahita ezkutatu dute aldaketa hori herritarren aurrean, Batzar Nagusietako taldeen aurrean eta kaltetuta dauden mankomunitateen aurrean.