Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen Donostialdea- Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana zaharkituta dago eta jasangarria ez den eredu ekonomikoan oinarritzen da. Horregatik, EH Bilduk eskatu du dokumentu horren tramitazioa gelditzea eta, herritarrekin eta udalekin batera, partehartze prozesu bat irekitzea gune horren etorkizuna erabakitzeko.

EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskatu du gaur Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana (ZLP) bertan behera uztea, zuzenean eragindako hamahiru udalerrietan herritarren artean oposizio garrantzitsua piztu duten hainbat egitasmo jasotzen dituelako. Besteak beste, aipatu ditu Zubietako errauskailua, AHTa edo Lezoko plataforma logistikoa. EAJ-PSE, aldiz, bere gehiengo osoaz baliatu dira batzordean ekimena blokeatzeko eta partehartze prozesuaren aukera ixteko.

Albizuren hitzetan, “plana zaharkituta dago, Eusko Jaurlaritza bera ari baita dokumentuan agertzen diren irizpideak berraztertzen. Beraz, momentu egokia da atzera botatzeko eta prozesua berriro hasteko udalen autonomia zapuztu gabe eta herritarren parte hartzea bermatzen. EAJ-PSEk herritarren partaidetza hauteskundeetara eta proiektuaren alegazio epera mugatu nahi dute, eta horrek kalitate demokratikoa ahultzen du”.