Gaur hemen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa osatzen dugun mankomunitateetako EH Bilduko ordezkariak batu gara, tartean Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakaria (Josu Amilibia) eta Urola Erdikoa (Aitor Bereziartua) GHKren zorraren eta balizko disoluzioaren inguruko informazioa ezkutatu izana salatu, zorrari aurre nola egingo zaionaren aurrean gure kezka azaldu eta gertatutako eta bereziki honek mankomunitateetan, udalerrietan eta bizilagunengan izango duen eragina zein izango den argitzeko Kontsortzioko urgentziazko bilera dei dadin eskatzeko.

Mankomunitateetako ordezkari garen heinean, abuztuaren 1etik hona Diputazioaren esku egon den informazio horren berri jaso orduko izan behar genukeela salatu nahi dugu. Are okerragoa da ordea, informazioa jada publiko egin zela egun batzuk igarota oraindik ere mankomunitateetako ordezkariokin azalpenak emateko bilerarik ez egin izana. PNV eta PSEren isiltasun honek alarma piztu du gugan. Zeren zain daude?! Informazioa izateko eskubide osoa dugu.

Benetan kezkatuak gaude ezagutu berri dugun egoera honen aurrean. GHKren zorra, 2011ean PNV eta PSEk sinatutako SWAPen ondorioz sortutako zorra, nola kudeatuko duten jakin nahi dugu. Kezka dugu ez ote duten mankomunitateen artean banatu eta herritarren bizkar utziko. Eta kezka dugu kosta ala kosta errauskailua egitearen hautuak ze eragin ekonomiko izango duen.

Zer gertatuko da GHKrekin? Zer gertatuko da Kontsortzioarekin? Nola kudeatuko duzue zorra? Egoera larri honen aurrean Errauskailuaren eraikuntza lehentasun izaten jarraituko du? Zer suposatzen du horrek mankomunitatea eta udalerrientzat? Galdera hauen eta guzti honek udalerrietan izango duen eraginaren inguruko erantzunak nahi ditugu. Horregatik gaur hemen gauden kontsortziozko ordezkariak urgentziazko bilera konboka dadila exijitzen diogu Asensio Lehendakariari. Zentzu honetan, gogoratu nahi dugu Kontsortzioko Estatutuen 14.3 artikuluan zehazten dela Kontsortzioa osatzen duten bi ente nahikoak direla urgentziazko bilera deitzeko.