Gaurko dataz diputatuak agertzen ari diren 2016rako Aurrekontu Proiektua ez da onargarria, Foru Gobernuak ez duelako barruan sartu Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kontua, derrigorrezkoa izan arren. Abuztuaren 1etik GHK Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak. EAJ-PSEk aurkeztutako proiektuan, aldiz, ez da partzuergoari buruzko informaziorik jasotzen, eta horrek baliogabetzen ditu Aurrekontu Orokorrak. Horregatik, EH Bilduk Markel Olanori eskatu dio ezkutukeria alde batera utzi eta gardentasunez joka dezala behar den informazio guztia mahai gainean jarriz.

EH Bilduko batzarkide Xabier Olanok gaur ohartarazi duenez, 2016ko Aurrekontu Proiektuan xedapen gehigarri bat erantsi da, bederatzigarrena, alegia, “Foru sektore publikoan integratutako partzuergoak Kontabilitate Nazionalaren ondorioetarako” deitzen dena, eta bere bigarren puntuan zehazki honako hau dioena: “Partzuergo horien aurrekontuak Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan jasoko dira, informazio gisa, Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakiko duen eran. Era berean, aurrekontu horien likidazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoko Kontu Orokorrean jasoko da, informazio ondorioetarako”.

Horrela ohartarazi dio gaur Xabier Olanok Ogasuneko diputatuari, baina Gobernuko arduradunak ez du argibiderik eman eta ezer ez zekiela esan du. EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, erantzun hori onartezina da, EAJ-PSEren Gobernuak abuztuaren 1etik baitzekien GHKren izaera aldaketari buruzko datuak eta nahita ezkutatu ditu herritarren, Batzar Nagusien eta mankomunitateen aurrean. Horregatik, Markel Olanori eskatu dio ez dezala jarraitu informazioa ezkutatzen eta zuzendu ditzala aurkeztutako Aurrekontuak, dauden moduan onartezinak baitira.

GIZARTE POLITIKA

Beste alde batetik, tamalez, Ogasuneko diputatuak aitortu egin du Gizarte Politikako Departamentuari pisua kendu diola Foru Gobernuak, aurrekontuaren %48 izatetik, %46ra jaitsi delako. “Horrek esan nahi du ongizate sistemak atzera egingo duela gure lurraldean, nahiz eta beharrak inoiz baino handiagoak izan”, salatu du Xabier Olanok.

SUSTAPEN EKONOMIKOA

Sustapen ekonomikoari dagokionez, Markel Olanok aitortu du atal hori %4 igoko dela, eta ez %49, Gobernuak iragarri bezala. Beraz, Gobernuak tranpa egin du ekonomia sustapenari buruzko datuak ematerakoan, beste departamentuetan ez bezala, urtean zehar txertatutako kreditu gehigarriak ez direlako aintzat hartzen; horrela, benetako igoera (%4) puztu nahian (%49raino).