Gipuzkoako Batzar Nagusietan argi geratu da gaur gizarte zerbitzuen hobekuntza eta garapena ez direla lehentasunak EAJ-PSErentzat. Izan ere, 2015-2017 Gizarte Zerbitzuen Mapa betetzeko borondaterik ez duela aitortu du gaur Foru Gobernuak. Diputatuak esan duenez, datorren urterako aurreikusitako zerbitzu berriak erdira jaitsiko ditu. Gainera, EAJ-PSEk erabaki dute, gutxienez, urte betez atzeratzea Kabia erakunde autonomoa lurraldeko adinekoen udal egoitzen kudeaketa bereganatzeko egutegia.

EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok gogoratu du gizarte zerbitzuetako estaldura handitzeko hiru urteko plana aurkeztu zuela Aldundiak pasa den legealdian, 634 plaza, 741 lanpostu berri eta 29 milioi euro inbertitzeko konpromisoarekin. Aurreko gobernuak 2015ean honen garapenari ekin arren, Maite Peña diputatuak gaur aitortu du ez duela Mapa betetzeko borondaterik. Izan ere, 2016rako aurreikusitako 4.150.000 euroko inbertsioa, 2,2 milioira jaitsiko dute EAJ-PSEk. Maite Peñak aipatu du Euskal Finantza Kontseiluan onartutako milioi bat euroko transferentzia ere egongo dela, baina diru hori udal gizarte zerbitzuen garapenerako da, eta ez Foru Aldundiaren eskumenetarako.

Ernesto Merinok esan duenez, onartezina da diputatuak egoera ekonomikoa aipatzea Mapa ez betetzeko aitzakia bezala, Markel Olanok 2016rako aurkeztutako aurrekontuan aurten baino 42 milioi euro gehiago daudenean. Beraz, dirua badago, baina Foru Gobernuak ez du Gizarte Zerbitzuetan inbertitu nahi.

Foru Gobernuak gizarte zerbitzuekiko duen konpromiso eza berriro geratu da agerian Kabiari buruzko eztabaidan, EAJ-PSEk urte beteko atzerapena inposatu baitute udal egoitzak kudeatzeko egutegian. Horrek, gainera, Foru Arauan ezarritako epeak urratuko lituzke, eta hori oso larria da.

Merinok gogora ekarri du aurreko legealdian, Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu zuela, adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartzeko, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betez. Prozesua hiru fasetan osatzeko egutegia aurkeztu zuen aurreko diputatuak. 2015ean, Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia eta Lasarte-Oriako egoitzak bereganatuko zituen; 2016an, beste sei eta 2017-2018an, gainontzekoak.

Aurreko legealdian Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako eskualdaketak gauzatu ziren arren, EAJ-PSEk prozesu guztia izoztuko duela iragarri dute gaur. Izan ere, egutegia betetzearen kontra bozkatu dute, eta Foru Gobernuari urte beteko epea eman diote plangintza berri bat aurkezteko.