Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren izaera aldaketaren ondorioz, Diputazioak egin beharko dio aurre erakunde honek pilatu duen zorrari, eta baita ere errauskailua eraikitzeko beharko litzatekeen zor berriari. Beraz, EH Bilduk ohartarazi du planta eraikitzeak ekarriko lukeen zorrak Diputazioko egoera ekonomiko-finantzarioa kolokan jarriko lukeela eta instituzioaren egonkortasuna desorekatu. Horregatik, EAJ-PSEren Foru Gobernuari eskatu dio ez dezala jarraitu gipuzkoar guztion diruarekin arduragabekeriaz jokatzen.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azpimarratu duenez, zoritxarrez, Foru Gobernuak aitortu du GHKren izaera aldaketaren jakitun izan arren, informazioa ez zuela zabaldu. Hortaz, sozietate publiko bati buruzko datu garrantzitsuak nahita ezkutatu dizkiete herritarrei, mankomunitateei eta Batzar Nagusietako ordezkariei.

Foru Gobernua lasaitasun mezua zabaltzen saiatu den arren, kezkatzeko zergatiak badaude. GHKren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak, 2011an Markel Olanoren gobernuak sinatu zituen SWAPen eraginez sortutako zorra, alegia, eta EH Bilduri inondik inora ezin zaiona leporatu. Izan ere, aurreko legealdian errauskailua gelditzeari esker zorra murriztu zuen GHKk, beraz, egoera askoz okerrago izan zitekeen. “Egoera larria da eta errauskailua eraikitzeko egindako zorpetzearen ondorioa da. Ez du balio gauza guztien errua EH Bilduri botatzeak, bakoitzak bere ardurak ditu, eta aurre egin beharko die herritarrei gezurrik esan gabe”, adierazi du Xabier Olanok.

Bestalde, errebantxismoan ez erortzea eta funtzionarioak errespetatzea eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari, are gehiago bere lana gardentasun osoz egiten duten langileen kasuan.