EH Bilduren ustez, oso kezkagarriak dira Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa eta Hondakinen Kontsortzioaren bideragarritasun ezari buruz gaur agertutako informazioak, eta agerian lagatzen dute Aldundiaren ezkutaketa errauskailua eraikitzeko sortutako egitura juridiko, ekonomiko eta instituzionalaren inguruan. EAJ- PSEren Gobernuak abuztuaren 1etik dakite informazio hau, eta nahita ezkutatu dute herritarren aurrean, Batzar Nagusietako taldeen aurrean eta kaltetuta dauden mankomunitateen aurrean. Horregatik, EH Bilduk eskatu du diputatu nagusiaren eta ingurumeneko eta Ogasuneko diputatuen presazko agerraldiak, behar diren azalpenak emateko.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok prentsaurrekoa eman du Judit Garcia eta Iban Asenjo batzarkideekin. Argitaratutako albistea larria eta kezkagarria da Xabier Olanoren ustez, izan ere, GHK ez du betetzen administrazio publikoen arloko erakundeei ezarritako zero defizitaren baldintza. Beraz, Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak, eta GHK desegin. “Zergatik ez dugu egoera arri honen inguruko informaziorik jaso Markel Olanoren Gobernutik? Zein da informazio hau ezkutatzearen helburua? Berriro ere, kudeaketa iluna ikusten ari gara Foru Gobernuak errauskailua eraiki ahal izateko sortutako entitateetan.

Pasa den abuztuaren 1etik, Markel Olano Diputatu Nagusiak prentsaurreko ugari eman du, komunikabide guztietan elkarrizketatua izan da eta errauste plantaren inguruan behin eta berriz hitz egin du. Hala ere, orain arte GHKren desegiteko aginduari buruz Markel Olanok ez du aipamenik egin eta ez du zorpetze muga gainditzen ari zela adierazi.

Komunikazio publiko horietan guztietan, Markel Olanok gipuzkoarrei ez die kontatu GHKren zorrak bere gain hartu beharko lituzkela Diputazioak, ezta berak 2011an sinatu zituen SWAPen eraginez sortu zirela zor horiek.

Batzar Nagusietan gobernuko diputatu desberdinek egindako agerraldi eta osoko bilkuretan ere nahita ezkutatu dute hau guztia. Eta gauza berdina esan dezakegu GHK osatzen duten mankomunitateei buruz. Gaur arte ez dute inongo albisterik izan.

Xabier Olanoren hitzetan, ezkutukeriaz jokatu du Foru Gobernuak, hau da, aldez aurretik erabaki zuten Gipuzkoako jendarteari hau dena ezkutatzea. Argi eta garbi esan behar dute zertan ari diren, ze egoeretan dagoen errauste planta egiteko sortu zuten entramatu juridiko, ekonomiko eta instituzionala.

Beste alde batetik Judit Garciak gogoratu du EH Bilduk errauste pantaren eraikuntza geldiarazi zuela proiektu hau, arlo ekonomikoan ere, izugarrizko zama bilakatuko litzatekelako aurrekontu publikoentzat. Horren ordez, EH Bilduk eredu sostengarriagoa aurkeztu zuen, Europako arauetara egokituta, eta errauste plantaren inbertsio erdia baino gutxiago eskatzen duena.