EAJ eta PSE bere gehiengo osoaz baliatu dira gaur Bidegi Auzia ikertzeko batzordearen irekiera blokeatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduren ustez, oso susmagarria da jarrera ilun hau eta horregatik, Markel Olano diputatu nagusiari galdetu dio zer ezkutatu nahi duen. “Jokabide horrek, nahiz eta larria izan, ez gaitu harritzen, kontutan izanda Bidegin diru publikoa ustez desbideratzeagatik zazpi inputatu daudela eta horietako bat EAJko zinegotzia dela, eta Markel Olano eta Eneko Goia lekuko gisa deklaratzera deitu dituela epaitegiak”, salatu du Iban Asenjo batzarkideak.

EAJ-PSEk Bidegi Auziaren Ikerketa Batzordearen irekierari uko egiteak agerian utzi du Foru Gobernuak gardentasunarekiko duen konpromiso eza. Asenjok gogora ekarri duenez, hauteskunde kanpainan publikoki, behin eta berriro, EAJ eta PSE honen alde agertu ziren. “Gezurra esan zenieten gipuzkoarrei, emandako hitza ez duzue bete eta ez duzue egia argitu nahi. Guztira 30 milioi euroko ustezko diru xahuketaz ari gara. Beraz, galdera egiten dizuegu: Zeren beldur da Markel Olano? Zer ezkutatu nahi du EAJk, PSEren konplizitatearekin?”.

Asenjoren hitzetan, “oso susmagarria da jarrera hau, eta beldurra dugu ez ote duten estrategia oztopatzaile berdina izango epaitegietan”. Horregatik, EH Bilduko lau batzarkide Bidegi Auzian pertsonatu dira herri akusazio gisa, bide judizialean dena argitu dadin lortu nahian eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa ez duela oztopatzen ziurtatzeko.

“Administrazio publikoen gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako oihu soziala dago, eta itzalerako eta susmorako tarterik ezin da egon. Tamalez, argi dago Foru Gobernu hau ez dela fidagarria”, adierazi du EH Bilduko batzarkideak.