EH Bilduk gaur salatu du Irundik Brinkolara doan trenbidea eta bere azpiegitura osoa zahartuta gelditu direla. Egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, zerbitzua kaskarra da, irisgarritasuna ez da bermatzen eta segurtasun falta larria da. Horregatik, EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztu du Batzar Nagusietan urgentziaz hobekuntzak eta segurtasun neurriak hartu daitezen exijitzeko, eta Estatuari eskatzeko Eusko Jaurlaritzaren esku utz dezala trenbidearen kudeaketa. Era berean, Foru Aldundiari eskatu dio lan egin dezala RENFE ahalik eta azkarren MUGI txartel bakarrean integratzeko.

EH Bilduko batzarkide Jon Albizuren hitzetan, “Gipuzkoak mugikortasun iraunkorraren inguruan erronka asko ditu. Sarritan hitz egiten da azpiegitura berriez, baina tamalez behar baino maiztasun txikiagoarekin azpiegituren mantenuaz eta hobekuntzaz. Irundik Brinkolara doan trenbidea osoa zahartuta gelditu da, erabiltzen duen edonork ikus dezake hori. Egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, geltokiak ez daude egokituta, trena eta nasaren arteko distantziak handiegiak dira eta Lurraldeko 18 geltokitan bidegurutzeak arriskutsuak dira. Beraz, arazo bakarra ez da zerbitzu kaskarra, edota irisgarritasun berme-eza. Honi guztiari segurtasun falta gehitu behar diogu, behin eta berriro jartzen baita arriskuan hiritarren bizitza”.

Horregatik, EH Bildurentzat premiazkoa da Madrilek egitura hau berritzeko pausoa ematea. Baina begi-bistakoa da hau ez dela nahikoa, PSOE zein PP izan agintean, Espainako Gobernuak egitura honekiko izan duen ardura falta aintzat hartuta, are nabarmenagoa da euskal jendarteak dituen beharrak asetzeko, erabakiak hemen egon behar dutela eta ez Madrilen. Ondorioz, Batzar Nagusietan proposatu du Madrileko gobernuari eskatzea Eusko Jaurlaritzaren esku utz dezala sarearen kudeaketa.

EH Bilduk aurkeztutako proposamena bihar eztabaidatuko da Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Bertan, Foru Aldundiari ere eskatzen zaio lan egin dezala RENFE ahalik eta azkarren MUGI txartel bakarrean integratzeko.