EH Bilduren ustez, Gipuzkoako Foru Gobernuak 2016rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten eta antisoziala da. EAJk eta PSEk Gizarte Politikako Departamentuaren aurrekontuari pisua kendu diote; murrizketa sozialak egin dituzte eta errauskailua finantzatzeko dirua bideratu dute. Gainera, zerga sistemak progresibitatea galdu du eta aurrekontu parte-hartzaileak desagertu egin dira.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, sakonki aztertu behar da gaur Foru Gobernuak aurkeztu duen Aurrekontu Proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daude. Adibidez, Gizarte Politikak eta ongizate sistemak atzera egingo dute gure Lurraldean, Gizarte Politikako Departamentua %3,2 besterik ez baita igotzen, aurrekontu orokorraren igoeraren erdia. Horrek esan nahi du beharrak handiagoak izan arren, atzera pausuak ematen ari direla. Gizarte Politikako departamentuaren pisua aurrekontu orokorrean %48tik %46,7ra jaitsiko da 2016an.

Beraz, Gizarte Politika ez dela bere lehentasuna erakutsi dute EAJk eta PSEk. Murrizketen artean, adibidez, Adinekoen Laguntzarako programan, 3 milioi euroko jaitsiera dago, 131 milioi euroetatik 128 milioi euroetara. “Datu hauek oso kezkagarriak dira. Zaharkituta dagoen jendartean eta gauden krisi garaian, dagoenari eustea ez da nahikoa, ongizate sistema gero eta indartsuagoa behar dugu gipuzkoarron beharrei aurre egiteko”, esan du Xabier Olanok.

Honetaz gain, Gobernuak tranpa egin du ekonomia sustapenari buruzko datuak ematerakoan. 2015eko aurrekontuetan ez baitira 47 milioi euro, baizik eta 67 milioi (Foru Aldundiak eman dituen datuetan falta diren ia 20 milioiak “zenbait departamentuko gastuak” izenarekin kamuflatu dituzte). Hortaz, datorren urtera begira, atal hau 3 milioi besterik ez da igoko, eta ez %49.

Eredu fiskalari dagokionez, zerga zuzenak %3,6 igotzen dira; zeharkakoak, berriz, %4,5. Xabier Olanoren hitzetan, “honek aldentzen gaitu zerga sistema justu, aurrerakoi eta progresiboago batetik”. Ogasuneko Departamentuarekin jarraituz, deigarria da %0,9ko beherakada izatea kudeatu behar den aurrekontua handiagoa izanda, hobe litzateke mantendu edo igotzea iruzurraren kontrako borrokan sakontzeko.

Ongizate sistema hobetzeko eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko inbertitu ez arren, errauskailua finantzatzeko kopuru oso handia gastatuko dute EAJ-PSEk: 2016an, 6 milioi euro eta hurrengo hiru urteetara begira, beste 78 milioi euro, alegia.

EH Bilduko bozeramailearen ustez, gainera, deigarria da 10 milioi euroko partida bat azaltzea Bidegin kapitala handitzeko, EAJk eta PSEk behin eta berriro esan dutenean Bidegik ez duela diru beharrik.