EH Bilduren ustez, onartezina da EAJ-PSEk aurreko Gipuzkoako Gobernuari leporatzea 14 milioi euroko defizita dagoela, kontutan izanda beraiek blokeatu zutela 2015eko aurrekontuen onarpena, iazkoak luzatuz. Gainera, gezurra da “zuloa” dagoela, sarrera nahikoa baitago hori eta gehiago ordaintzeko. Horregatik, Gobernuari exijitu dio behar den kreditu doikuntza egitea Foru Arau baten bidez, edo Kontseiluaren erabakiaren bidez, aurreikusita zegoen bezala eta aurreko Gobernuak apirilean egin zuen bezala. Koalizioak gogora ekarri duenez, 2011an Markel Olanok 66 milioi euroko desfasea laga zuen herentzia gisa. Beraz, eskatu dio ez ditzala aitzakiak bilatu bere inkapazitatea justifikatzeko.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, 2014eko aurrekontua (758 milioi) indarrean  dago , EAJ, PSE eta PPk ez zutelako onartu 2015erako egindako proposamena (780 milioi). Beraz, urtean zehar, kreditua gehitu egin behar da 2014ean egon ez ziren gastuei aurre egiteko. Horrela egin zen apirilean Batzar Nagusietan adostutako Foru Arauen bidez, 31.846.242,09, 14.422.323,00 euro eta 8,9 milioi euroko partidak onartu zirenean.

Xabier Olanoren ustez, Imanol Lasa fede txarrez ari da jokatzen edo ez du gaitasunik aurrekontuak ulertzeko, edo bi gauzak aldi berean. Gainera, harriduraz entzun ditu egindako akusazioak, jakinda Markel Olanok 66 milioi euroko desfasea laga zuela 2011n, nahiz eta orduan aurrekontuaren luzapenik ez egon. Horregatik, EAJ-PSEri eskatu die ez dezatela arduragabekeriaz jokatu eta gauzatu ditzatela aurreko gobernuak diseinatutako proiektuak.

EH Bilduko bozeramaileak, gainera, argitu du Gizarte Politikako prestazio ekonomikoetako aurrekontu-sailak zabalgarriak direla beti, laguntzak eskubide subjektiboa direlako. Beraz, Aldundiak, legez, kreditua gehitzen du urtero eskaerei erantzuteko.

Bestalde, Imanol Lasak berriro esan du gaur aurrekontu parte-hartzaileei lotutako 20 milioi euroak ez zeudela jasota, ez baitu ulertzen 2014eko aurrekontuetan ezin direla txertatu herritarrek 2015ean erabaki behar dituzten proiektuak. Are gutxiago, hauek 2016-19 bitartean gauzatu behar direnean. Mugikortasun Departamentuko 5 milioi euroko defizitari dagokienez, EH Bilduk eskatu du behar den kreditua gehitzeko, onartezina delako murrizketak egitea garraio publikoetan.