EH Bilduko lau batzarkide ‘Bidegi Auzian’ pertsonatu dira herri akusazio gisa, bide judizialean dena argitu dadin lortu nahian eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa ez duela oztopatzen ziurtatzeko. Ustelkeria kasuak aztertzen ari direnean, Administrazio publikoak gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatu behar ditu. Kasu honetan, baina, Foru Gobernuak demostratu du ez dela fidagarria. EAJk eta PSEk Batzar Nagusietan Bidegi Auziari buruzko Ikerketa Batzorde bat irekitzea saihestu dute, beraz, argi dago ez dutela egia argitu nahi. Hortaz, EH Bilduko batzarkideek erabaki dute auzian pertsonatzea, ez dutelako beste aukerarik ikusten informazioa jasotzeko eta gertatua argitzen saiatzeko.

Iban Asenjo, Judit Garcia, Inko Iriarte eta Jon Albizua batzarkideak ‘Bidegi Auzian’ pertsonatu dira herri akusazio giza, Foru Gobernuaren jarrera oztopatzailea ikusita. Judit Garciak gogora ekarri duenez, AP1eko autobidearen obretan egondako ustezko irregulartasunengatik bi kereila jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian. Foru Gobernuak delitu zantzu oso larriak atzeman zituen eta horren inguruko datu guztiak epaitegira eraman zituen, epaileak aztertu eta gertatutakoa iker zezan. Guztira 30 milioi euroko ustezko diru xahuketaz ari dira bi kereilak, epaitegiek biak onartu eta Bidegiko hiru langile inputatu dituzte. Gainera, Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea lekuko gisa deklaratzera deitu ditu epaitegiak, ustezko irregulartasunak gertatu zirenean Bidegiko arduradun nagusiak baitziren.

Iban Asenjo batzarkideak azpimarratu du Foru Gobernuaren jokabidea Bidegi Auzian bereziki kezkagarria izan dela azken hilabete hauetan. EAJko Bidegiko zuzendari berria hiru inputaturekin elkartu da, akusazioa zeramaten abokatuak aldatu zituzten, Diputazioko talde juridikoko kide bat (hau da akusaziokoa) bi inputaturen defendatzaile izendatu zuten...

Legealdi berrian, EH Bilduk – Podemos taldearekin batera – ‘Bidegi auziaren’ Ikerketa Batzordearen irekiera eskaera egin du, kontutan izanda hauteskunde kanpainan publikoki, behin eta berriro, EAJ eta PSE honen alde agertu zirela. Gainera, argi dago ekainean burututako ikerketa izozmendi baten tontorra besterik ez zela izan, eta, horregatik, kurtso hasieran beste bat eratzeko konpromisoa hartu zuten alderdiek. EAJk eta PSEk, aldiz, herritarrei hauteskundeetan emandako hitza ez dute beteko, eta Ikerketa Batzordea eragotziko dute.

Gainera, EAJk eta PSEk bere gehiengo osoa erabiltzen ari dira Bidegiko Administrazio Kontseiluan onartezinak diren hainbat erabaki hartzeko. Astelehenean, adibidez, auziarekin zerikusirik ez duten hiru langile kaleratu zituzten. Aldiz, diru publikoa ustez desbideratzeagatik inputatuta dagoen langilea errepide bateko obraren arduradun izendatu zuten, kontutan izan gabe Administrazio Kontseiluak langile hori bera kaleratzea eskatu zuela, baldin eta inputatzen bazuten (eta halaxe gertatu da). Beraz, inputatuari ardurak eman dizkiote eta, aldiz, beste hiru langile kaleratu egin dituzte.

Asenjoren hitzetan, “kasuaren larritasuna kontuan izanik, Foru Gobernua ez zaigu fidagarria iruditzen Bidegin izan diren ustezko irregulartasunak argitzeko, ezta herritarrek merezi duten informazioa behar bezala argitzeko. Jarrera oztopatzaile eta itxi honen aurrean, EH Bilduko batzarkideok ez dugu beste irtenbiderik ikusten, eta horregatik, herri akusazio giza pertsonatu gara”.