EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da Gipuzkoako Foru Gobernuak pobreziaren aurkako politikekin duen konpromiso eza. Bereziki, Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DSBL-AGI) desagertzeko arriskuan dagoela salatu du koalizioak, eta sostengu hau desagertuz gero, pobrezian dauden 1.500 familia babesgabean geratuko dira gure Lurraldean. Horregatik, EAJ-PSEri eskatu dio pobrezia Gipuzkoatik desagerrarazteko benetako apustua egitea, murrizketa sozialak baztertzea, eta lehen bait lehen aurkeztu dezala Pobreziari aurre egiteko Plan Berezi bat urgentziazko neurriekin, bereziki haur, emakume eta etorkinei begira.

Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, Aldundiak 2014ean egindako Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterketari buruzko Inkesta aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan. Datuek pobrezia behera doala erakusten dute, eta berriro ere Gipuzkoa EAEko eta Espainiako Erreinuko egoerarik onenean jartzen dute. Hala eta guztiz ere, datuak kezkagarriak dira, 111.000 pertsonari eragiten baitio pobrezia, bereziki haurrei, emakumeei eta etorkinei.

EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak pobreziarekiko kezka berezia erakutsi zuen aurreko legealdian, eta honen aurka egiteko ponentzia bat sortu zuen, plangintza bat aurkeztu eta neurri garrantzitsuak hartu, besteak beste, gizarte murrizketarik ez aplikatzea; 28 milioi euro inbertitzea gizarte bazterketaren kontra edo Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza sortu, Eusko Jaurlaritzako murrizketak estaltzeko.

Gaur egungo egoera, aldiz, guztiz ezberdina da, Foru Gobernu berriak ez duelako inongo konpromisorik adierazi pobreziari aurre egiteko. Are gehiago, diputatuak behin eta berriro jartzen du zalantzan Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza, gaur batzordean egin duen bezala.

Horregatik, Foru Gobernuari eskatu dio Pobreziari aurre egiteko Plan bat aurkeztu dezala eta urgentziazko neurriak hartu ditzala, bereziki haur pobreziari, emakumeei eta etorkinei zuzendutako politika aktiboekin.