EH Bilduk salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen ‘Orain Gipuzkoa’ kanpainak Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legea – ‘Auto-bonboaren’ kontrako legea bezala ezagutzen dena - urratzen duela eta Gipuzkoako bi Foru Arauen kontra doala. Horregatik, kanpaina berehala erretiratu dezala exijitu dio Markel Olano diputatu nagusiari, eta diru publikoarekin ardura gehiago izatea eskatu dio, gipuzkoar guztion ekarpenekin norberaren propaganda ordaintzea ez baita zilegia.

EH Bilduko batzarkide Xabier Olanok eta Ainhoa Beolak 'Orain Gipuzkoa' kanpaina kritikatu dute gaur Batzar Nagusietan izandako prentsaurrekoan. Pasa den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere irudi korporatibo berria aurkeztu zuen Imanol Lasa eta Denis Itxaso diputatuek egindako ekitaldi publikoan. Bertan adierazi zutenaren arabera, kanpaina hau “Aldundia garatzen ari den gobernantza eredu berriaren testuinguruan kokatu behar da kontzeptualki” eta “zatiketa eta paralisia iraganeko kontua direla iragartzea” da bere helburua. Aurkezpena eta gero, Diputazioak irudi korporatibo berria iragarri du ordaindutako publizitatea sartuz prentsa idatzian, irratietan, webguneetan eta beste hainbat euskarrietan, kale-argietan jarritako banderatxoetan, adibidez.

Xabier Olanok azaldu duenez, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legea onartu zuen 2010eko abenduaren 23an (6/2010 Legea), erakunde publikoetan propaganda interesatua eta gehiegikeriak ekiditeko. Lege honen arabera, publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin ahal izateko arau batzuk bete behar dira, helburu jakin batzuekin. Adibidez, “garrantzia eta interesa duten programa eta jarduera publikoak jakinaraztea”; “herritarrei informazioa ematea legez dagozkien eskubide eta betebeharrez”; “enplegu publikoaren eskaintzen zabalkundea” edo “segurtasun publikoko neurriak jakinaraztea”, beste batzuen artean.
EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, Aldundiaren kanpaina ez dator bat legeak aurreikusten dituen helburuekin, Gobernuaren propaganda hutsa da eta argi uzten du EAJPSEk erakunde publikoak eta hauen baliabideak alderdikeriaz erabiltzen dituztela. Gainera, gogoratu du ez dela lehen aldia diputatu nagusia honetan erortzen dela. Gogora ekarri du 2011n Batzar Nagusiek -PSE, PP, EB, Aralar eta Alternatibaren aldeko botoekin - 230.000 euroko kanpaina erretiratzera behartu zutela Markel Olanoren Gobernua, diru-publikoarekin propaganda ordaindu nahi izateagatik. Beraz, Markel Olanok aurrekariak ditu eta berriro sartu du hanka, eta oso kezkagarria da gobernatzeko estilo berbera mantentzea.

Ainhoa Beola batzarkideak salatu duenez, Legeaz gain, bi Foru Arau ere urratzen ditu 'Orain Gipuzkoa' kanpainak: 2011ko martxoaren 29an - aipatutako gehiegikeriaren ondorioz - onartutako 2/2011 Foru Araua, eta apirilaren 6ko 2/1994 Foru Araua.

2/2011 Foru Arauaren arabera, “Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-administrazioak eta sektore publikoa osatzen duten entitateen publizitate eta komunikazio-kanpaina instituzionalek, 3.000 eurotik gorako kostua dutenean, kanpainaren kostu osoa azaldu beharko dute hedapen-euskarrian bertan, bai eta zenbat ale argitaratu diren ere”. Komunikabideetan argitaratutako 'Orain Gipuzkoa' kanpainaren iregarkietan, kostua ezkutatu du Aldundiak, ez da inon azaltzen.

Bestetik, 2/1994 Foru Arauaren arabera, “publizitatea euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu beharko da, euskara soilik erabili dezaten egunkarietan salbu”. Aldundiak ez du irizpide hau bete, eta gaztelaniaz argitaratu izan ditu iragarkiak. Honetaz gain, Beolak kritikatu du gaztelaniazko bertsioan ez dela kontutan izan genero hizkuntza, eta maskulinoz daudela testu guztiak.

Xabier Olanok bukatu du esanez oso kezkagarria dela EAJ-PSEren Gobernuak egiten duen baliabide publikoen erabilera, auto-bonborako erabiltzen dituelako gipuzkoar guztion aurrekontuak legea urratuz. Bere ustez, horrelako jokabideak ikusita, ez da harritzekoa herritarrek agintari publikoengan mesfidantza izatea. Horregatik guztiagatik, kanpaina hau erretiratzea exijitu dio Foru Gobernuari eta Markel Olanoren urgentziazko agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, azaldu dezan zenbat diru publiko gastatu duen alperrik ekimen honetan.