EH Bilduk azpimarratu du faltsuak eta oso larriak direla Errepideetako diputatu Aintzane Oiarbidek gaur Batzar Nagusietan egindako adierazpenak: “Aurreko foru Gobernuak erabateko ausarkeriaz jokatu zuen arrisku handiko magal bat urtebetez ahaztuta utziz, erabiltzaileak arriskuan jarriz”, esan du diputatuak.

EH Bilduko batzarkide Iban Asenjoren hitzetan, akusazioa faltsua da eta oso larria ere, are gehiago diputatuak arinkeriaz esan duelako, inongo froga, txosten tekniko edo dokumenturik gabe. Horregatik, Asenjok Oiarbideri eskatu dio bere karguaren arduraz jabetzea eta pertsonen segurtasuna bezain garrantzitsua den gaia merezi duen seriotasunarekin jorratzea.

EH Bilduko batzarkideak, gainera, azaldu du arroka jaustea gertatu bezain laster, Diputazioak magalari buruzko txosten teknikoa eskatu zuela. Egoera aztertu zenean, eta teknikoek berehalako arriskurik ikusten ez zuten arren, errepideko ezponda egonkortzeko lanak lizitatu zituen Aldundiak. Hortaz, orain egiten ari diren obrak aurreko Gobernuak enkargatu zituen.