“Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalek 262.000€ zor dizkiote San Markoko mankomunitateari”. Horixe adieraztera ausartu zen duela urtebete Denis Itxaso San Marko mankomunitateko lehendakari zela. 2015eko uztailean ordea, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziak horixe bera gezurtatu zuen.

Sententzia argia da. San Marko osatzen dugun herriok jasotzen dugun zerbitzuaren araberako ordainketa egin behar dugu, eta ez orain arte moduan, populazioaren proportzioaren arabera. Gainera, gaikako bilketa maila altuenak dituzten herriek, gutxiago birziklatzen duten herrien hainbat zerbitzu ordaintzera behartu gaituzte, eta beraz, Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia edo Usurbil bezalako herrien artean, Donostia, Lasarte-Oria, Errenteria eta Urnietaren hondakinen bilketako hainbat zerbitzu ordaindu ditugu.

Herritarrek sortzen dutenaren arabera ordain dezatela defendatu izan dugu beti EH Bilduko kideok. Ez da justua gero eta hondakin gutxiago sortzeko ahalegina egiten duten herriak, esfortzu hori egiten ez dutenen maila berean ordaintzea. Horregatik, gaur hemen San Markoko kide diren herrietako EH Bilduko ordezkariok, PNV eta PSEk hartutako azken erabakia salatzeko elkartu gara:

EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia argia izan arren, PNV-PSEk errekurtsoa jartzea erabaki dute. Honekin, herriak ez dagokien dirutza ordaintzen jarraitzera behartu nahi dituzte, agonia luzatu eta gutxiago sortzeko ahalegina egiten dutenak zigortuaz. EH Bildutik argi dugu hau herritarren kontra jarritako errekurtsoa dela.

EH Bilduren kalkuluen arabera eta sententziak dioena aplikatuaz:

  • Pasaiak 93.000€ inguru gutxiago ordaindu beharko lituzke urtero;
  • Oiartzunek 60.000€ gutxiago;
  • Lezok 36.000€ gutxiago;
  • Hernanik 114.000€ gutxiago;
  • Astigarragak 30.000€ gutxiago;
  • eta Usurbilek 3.700€ gutxiago.

Denis Itxasok berak, San Marko Mankomunitateko batzarrean, zenbait herrik gaia epaitegietara eraman izanaz pozten zela adierazi zigun, horrela erabakia irmoa eta zalantzarik gabekoa izango zelako. Berak zor horren aurrean “kontundentziaz” jokatuko zuela ere mehatxatu zuen Itxasok 2014ean.

Sententzia eskuartean izanda, honen aplikazioa gaurdanik martxan jartzeko eta bere hitzekin kontsekuente izateko eskatzen diogu Itxasori beraz, egungo hondakinen kudeaketa gastuak injustuak izateari behingoz utzi diezaioten.

Bide honetan, lehen salaketa ezarri genuen udal ordezkariok, abokatuaren bitartez, sententzia kautelarki aplikatzeko eskaria luzatu dugula ere jakitera eman nahi dugu.