Gipuzkoako Foru Gobernu berria (EAJ-PSE) hasi da dagoeneko zergak eta ogasuneko arauak aldatzen fiskalitate eredu atzerakoia eta eskuindarra inposatzeko nahian. Gaur norabide horren beste adibide baten berri izan dugu, jakin dugulako Gipuzkoako Foru Aldundiak Munilla Gotzainaren interesak asetzeko, eta ez herritarren beharrei erantzuteko, aldatuko duela errenta aitorpenaren eredua.

Aurreko legealdian egindako erreformari esker, orain arte zergadunek hiru aukeren artean adierazi behar zuten PFEZeko kuota osoaren %0,7 nora nahiko luketen bideratu: helburu orokorretara, administrazioak kudeatuta; interes sozialeko elkarteetara edo eliza katolikoa laguntzera. Gobernu berriak, aldiz, berriro ere atzera pauso nabarmena eman du eta bi aukeren eredura bueltatuko da: eliza katolikoari laguntzea edo interes orokorreko elkarteei.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok adierazi duenez, aurreko gobernuaren formulazioak hobeto adierazten du administrazio publikoak elkarte sozial eta erlijosoekiko mantendu behar duen jarrera, neutraltasun jarrera, alegia. Administrazio akonfesionala eraikitzeko bidean, formulario publikoetako edukiak eta hizkuntzak posizio hori adierazi behar dute.

Olanok ohartarazi du, gainera, gai labaina dela eta, legaltasunaren aldetik, terreno irristakor batean sartu dela Aldundia. Izan ere, berez herritar guztiek berdinak izan behar dute Administrazioarentzat, eta aldaketarekin, bi laukitxoak aukeratzen dituzten herritarrek baliabide bikoitzak bideratzen dituzte. Horrela, berdintasun printzipioa urratzen da. Ez da justua, ezta legezkoa ere.