Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordeak Irun eta Hondarribiako Alarde parekideetara ordezkaritza ofiziala joateko aukera ukatu egin dute EAJ eta PSEko batzarkideek, berriro ere bizkarra emanez emakume eta gizonen arteko berdintasunari. Oso larria da, gainera, EAJren bozeramaileak batzordean esandakoa, adierazi duelako “berdintasun eskubiderik ez dela urratzen alardeetan, eta ez dagoen arazoa planteatu nahi dela, berdintasunarena, alegia”.

EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak eskaera zuzena egin dio Berdintasun batzordeari, “- emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko ekimen oro sustatu, bultzatu eta babestea duenez helburu- ekainak 30ean Irunera eta Irailak 8an Hondarribiara ordezkaritza igortzeko, bertako alarde parekideei babesa eskaintzera”. EAJk eta PSEk, aldiz, bere gehiengo osoa erabili dute Batzar Nagusietan ekimen hau blokeatzeko, alarde baztertzaileen alde modu ageri bezain lotsagabean jokatuz.

Ainhoa Beolak adierazi duenez, “oraindik ere alarde parekideak ez du erdietsi alor instituzionalaren merezi duen babesa. Aurreko legealdian, aurrerapauso nabarmenak eman ziren, bai Foru Aldunditik, bai Batzar Nagusietatik. EAJ eta PSEren gehiengo osoak, ordea, berriro ere atzera eraman nahi du Gipuzkoa zentzu askotan, emakumeon eskubideen arloan ere. Benetan kezkagarria da Berdintasun batzordeak emakume eta gizonen parte-hartze parekidea burutzen dituzten herritarrei bizkarra ematea”.

Beolaren hitzetan, "EAJ eta PSEren ordezkari publikoek ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen tamaina honetako eskubide urraketak gertatzen diren bitartean".