Imanol Lasa diputatuak gaur konfirmatu duenez, Gipuzkoako Aurrekontu Parte-hartzaileak bertan behera geratuko dira, Foru Gobernu berriak ezin duelako bermatu prozesua beteko duela. 360 pertsonek –horietako askok elkarte eta erakundeak ordezkatzen - landu duten proiektua gelditzea oso larria da EH Bilduren ustez, eta argi uzten du EAJk ez duela parte-hartzean sinisten eta ez duela herritarren borondatea errespetatu nahi. Gainera, kezkagarria da Gobernuaren gaitasun eza proiektuak aurrera eramateko, eta baita tranpatan ibiltzea aitzakia hutsala eta informazio nahasiarekin.

EH Bilduko batzarkide Judit Garciak azalpenak eskatu dizkio Batzar Nagusietan Imanol Lasari, ustekabean eta azalpenik eman gabe, Foru Gobernu berriak 2015eko Aurrekontu Parte-hartzaileak bertan behera utzi dituelako. EAJko diputatuak aitortu duenez, Gobernu berriak “ezin du bermatu” herritarrek hurrengo lau urteetarako erabakitako proiektuak gauzatuko direla, ezta konprometitutako 20 milioi euro inbertituko direla. Garciaren ustez, horrek erakusten du, alde batetik, EAJ-PSEren diputatuen kudeaketarako ezintasun larria. Eta beste alde batetik, Markel Olanoren Gobernuak ez duela parte-hartzean sinisten, eta ez duela herritarren borondatea errespetatu nahi.

Gainera, Imanol Lasak ez du informaziorik eman aurten gauzatu behar diren proiektuen inguruan, eta ez dakigu Foru Aldundiak aurtengo konpromiso batzuk ere bertan behera utzi nahi ote dituen (nahiz eta 2 milioi euroko aurrekontua izan horretarako).
Garciak azpimarratu duenez, “aurreko legealdian, herritarron parte-hartzeari lehentasun estrategikoa eman zion Foru Aldundiak. Orain, ordea, herritarrek ilusioz egindako lan guztia bertan behera laga nahi dute, lau urte hauetan landu den kultura parte-hartzailearen alorrean eraiki dena erabat zapuztuz”.