Aurreko legealdian, herritarron parte-hartzeari lehentasun estrategikoa eman zion Foru Aldundiak, eta Gipuzkoan burutu den parte-hartze prozesu kopururik handiena bultzatu zuen. Horien artean, herritarrek erabakitako proiektuak Diputazioko aurrekontuetan txertatzeko prozesuak egin ziren eskualde guztietan.

Esplikaziorik eman gabe, Diputazioak aurrekontu parte-hartzaileak bertan behera uztea erabaki du, EH Bilduren Gobernuak eta herritarrek lau urte hauetan kultura parte-hartzailearen alorrean eraiki dutena erabat zapuztuz.

EH Bilduko Judit Garcia batzarkidearen ustez, “oso larria da herritarrek ilusioa jarri eta lana egin eta gero, EAJ-PSEk, aldebakartasunetik, dena bertan behera uztea. Horregatik, EH Bilduk Imanol Lasa diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, behar diren azalpenak eman ditzan.

Garciak gogora ekarri duenez, 2014. urtean parte-hartze prozesua lau eskualdeetara zabaldu zen eta hamaika proiektu onartu ziren: Bidasoaldean indarkeria matxista ekiditeko plana, Oarsoaldean jai parekideak sustatzea, arrazismoaren kontrako programa, plangintza energetikoak... Proiektu hauek aurten gauzatzeko, guztira, bi miloi euroko partida onartu zuten aho batez Batzar Nagusiek. 2015ean parte-hartze prozesua eskualde guztietara zabaldu zen datozen lau urteotan gauzatuko diren proiektuak zehazteko, 20 milioi euro jartzeko konpromisoarekin.

“Ustekabean, Foru Gobernu berriak 2015eko prozesua bertan behera utzi behar duela jakin dugu, beti ere komunikazio hedabideen arabera, Batzar Nagusietan oraindik ez baitugu horren berri izan. Honetaz gain, aurten gauzatu behar diren proiektuen inguruan informazio kontrajarria jasotzen ari gara eta, horren arabera, Foru Aldundiak aurtengo konpromiso batzuk ere, bertan behera utzi nahiko lituzke. Hau guztia argitzeko, Imanol Lasa diputatuari azalpen publikoak eskatuko dizkiogu astelehenean izango den batzordean, eta gogoratuko diogu gure lurraldean kultura parte-hartzailea ez dela behar bezala landu, eta herritarrek agintariekiko dituzten mesfidantzak usatzeko, instituzioen konpromisoa eta ardura garbia behar da”, adierazi du Judit Garciak.