EH Bilduk aurreko legealdian Gipuzkoan ezarritako eredu fiskalak emaitza onak ematen ditu, diru-bilketa prebisioak zuzen-zuzen bete dira eta horrek ahalbideratzen du murrizketarik ez egitea eta gure ongizate sistema hobetzen jarraitzea. Horregatik, EH Bilduk Markel Olanori eskatu dio ez dezala Gipuzkoara ekarri Bizkaian porrot egin duen eredu fiskala.

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak bilera egingo du arratsaldean eta, Eusko Jaurlaritzak aurreratu zuenez, diru-bilketa espero zena baino okerragoa izan da aurten, eta horrek “gastua doitzera” - hau da, murrizketak egitera - behartuko du. Gipuzkoak bakarrik espero du aurreikuspena betetzea. Araba ez da iritsiko eta Bizkaia oso urrun geratuko da.

EH Bilduren bozeramaile Xabier Olanoren hitzetan, “gaur egun, Gipuzkoako eredu fiskala inguruko herrialdetan ezarrita dagoena baino askoz justuagoa dela esan dezakegu, eta lortutako diru-iturri berriak, eta iruzur fiskalaren borrokan atzemandako milioiak, zerbitzu sozial hobeak izateko erabili ditugu. EH Bilduk Gipuzkoan ezarri zuen ereduaren emaitza onak ikusita, argi dago sistema horretan sakondu egin behar dela”.

Aldiz, “kaltegarria da EAJ-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoara ekarri nahi duen sistema, elite pribilegiatuak babesten dituelako, desberdintasunean sakontzen duelako eta diru gutxiago biltzen duelako. Horregatik, Markel Olanori eskatzen diogu alde batera utzi dezala empresari aberatsenak zergak ordaintzeaz libratzen dituen politika eta ez dezala Gipuzkoara ekarri Bizkaian porrot egin duen eredu fiskala”.