Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemos Ahal Dugu eta EH Bildu taldeok ekimen bat aurkeztu dugu elkarrekin gaur: Bidegi auziari buruzko Ikerketa Batzorde publiko berria irekitzeko eskaera, hain zuzen, AP-1aren proiektu osoa aztertzeko. EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu taldeko bozeramaileek, Xabier Olano eta Juantxo Iturria, eskaera sinatu eta elkarrekin erregistratu dute Batzar Nagusietan.

Batzorde honen helburua da AP-1aren obretan izandako ustezko irregulartasunak argitzea, Azpeitiko auzitegia aintzat hartu baititu Aldundiak jarritako bi salaketa. Gardentasunez eta arduraz, Batzar Nagusietan argitu nahi dugu gauzak nola egin diren obra honetan.

Aurreko Legealdian izandako Ikerketa Batzordearen ondorioen arabera, obra osoari buruzko azterketa sakona egitea komeni da. Horregatik, zehaztasun guztiak jakin nahi ditugu honako hiru gai hauek argitzeko:

  • Egindako obraren benetako kostua eta nola ordaindu diren argitu
  • Ordainketak eta lanak justifikatzen dituzten dokumentuak egiaztatu.
  • Eta ustezko irregulartasunetan egon daitezkeen ardura politikoak argitu

Aurreko legealdian, Batzar Nagusietako talde guztiak – Podemos Ahal Dugu ez zegoen bertan – adierazi zuten beste ikerketa batzorde bat irekitzearen alde zeudela, hauteskunde kanpo, lasaitasunez gaia aztertzeko. Horregatik, uste dugu momentu aproposa dela Plenoak gai hau onartzeko.

Podemos Ahal Dugu eta EH Bilduk aurkezten dugun proposamena da, baina espero dugu PPk ere alde bozkatzea eta Gobernua sostengatzen duten alderdietatik, hau da, PSEtik eta EAJtik, ere aldeko bozka espero dugu. Foru Gobernuak behin eta berriro esan baitu gobernantza berria, gardentasuna eta parte hartzea sustatu nahi dutela, beraz, ulertezina litzateke kontra bozkatzea.