Gipuzkoako EH Bilduko talde batzarkideak pozik agertu da Adegiko Presidente Peio Guibelalde barkamena eskatzera behartuta ikusi duelako bere burua, hainbat sindikatu, herritar mugimendu, gaztek eta kargu publiko batzuk egindako presio sozialagatik. Barkamena, baina, ez da nahikoa, eta EH Bilduk ez du erretiratuko Batzar Nagusietan Guibelalderen hitzen kontra aurkeztutako ebazpena.

Koalizioko bozeramaile Xabier Olanoren ustez, Adegiko presidenteak urrats txiki bat eman du, baina erabilitako “manerengatik” barkamena eskatzea ez da nahikoa, edukia benetan larria delako. Berriro agerian geratzen da Adegi patronala atzerakoia dela, eta herritarren prekarizazioaren aldeko politikak babestu eta bultzatzen dituela.

Horregatik, EH Bilduk egokituko du Guibelalderen hitzen kontra aurkeztutako ebazpenaren bigarren puntua, barkamen publikoa eskatzen duena, hain zuzen ere. Baina ez du testua erretiratuko. Mantendu egingo du Batzar Nagusiei egindako eskaera, hau da: “arbuiatu dezatela Pello Gibelalde Adegiko presidenteak gazteen inguruan egindako adierazpenak. Hitz horiek bidegabeak eta iraingarriak dira, gazteek gure gizarteari egiten dioten ekarpena gutxiesten dute; beraien esfortzua mespretxatzen, eta ez du kontutan hartzen pairatzen duten lan eta ekonomia prekarietatea”.