Pasa den astean jaso zuen Zarauzko Udalak aurreko legealdian ezarritako OHZ errekarguaren aurka hainbat norbanako eta enpresak ezarritako errekurtsoaren epaia. Epaiak Zarauzko Udalak, EHBilduren iniziatibaz eta Ezker Anitzaren babesaz ezarritako OHZ errekagua babesten du, eta sententziak besteak beste honako aipamenak jasotzen ditu.

  • Udalak bere eskuduntzak erabili ditu, Foru Arauaren babesean.
  • Foru Arauak ezarritako mugen barruan, Udalek nahi duten errekargua jar dezakete, %50etik %150 bitarte.
  • Bigarren etxebizitza hutsa dutenek diru gaitasun gehiago dute eta beraz ekarpen handiagoa egin behar dute zerbitzuak emateko.
  • Berdintasun printzipioak justifikatzen du etxebizitzak bere funtzio soziala ez badu betetzen (hutsa badago) zerga gehiago ordaintzea.

Aurreko legealdian zalaparta handia sortu zen Zarauzko Udalak hartutako erabaki honen aurka, baina Donostiako Epaitegiak arrazoi osoa eman dio Zarauzko Udalari eta OHZren errekargua erabat zuzena dela iritzi dio. 

Errekargu hau ezartzearen arrazoiak hainbat izan ziren:

  • Batetik, etxebizitza arazoa gutxitzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzera bultzatuz.
  • Gehien dutenei ekarpen handiagoa egin dezaten bidea zabaldu, ostera bildutako diru sarrerak politika sozialetan inbertitzeko.

Jasotako aldeko epaiak aurrera begira OHZ errekarguaren aplikazioa zalantzan ez jartzea eta bere horretan mantentzea ekarri behar baluke ere, PNV eta PSEren Gobernuak OHZ errekargua jaisteko asmoa du. Ez hori bakarrik, gehien dutenen ekarpena gutxitzeaz gain, herritar guztien zergak igotzeko asmoa du. Erabaki honek ez dio Zarauzko herriari bakarrik eragiten ordea, Gipuzkoak PNV eta PSEren Gobernua osatu denetik hartu duen norabidearen adibide bat gehiago da, eskubideen Gipuzkoa atzean utzi eta pribilegioen Gipuzkoari ateak zabalduz.

Honek guztiak argi eta garbi erakusten du, Zarautzen ere PNV eta PSE atzera pausuak ematen hasi direla. Atzera eta eskubira!