Alarma gorriak pizten hasi dira Gipuzkoa barrenean. PNV-PSE gobernatzen hasi den herrietan eta Diputazioan, gutxi batzuen mesedetan pentsatutako eta jendeak ulertzen ez dituen neurriak ezartzen eta, kasu askotan, inposatzen hasi dira.

Markel Olanoren gobernuaren lehen neurriak ezagutu eta gero bereziki kezkatuak gaude jada murrizketak iragarri dituelako. Zehazki, zerbitzu sozialetarako 120 plaza gutxiago egongo direla eta 1.500 familien laguntzak "berrikusiko" dituztela onartu berri du Foru Gobernuak. Eta hori gutxi balitz, egoitzetako langileen baldintzak kolokan utzi ditu gobernu berriak, ADEGIren irizpideak jarraituz.

ADEGIren iniziatibaz ere, Gobernuak zergak jaitsiko dizkie soilik enpresari aberatsenei. Gipuzkoa Europa mailan aitzindaria izan da Fortuna Handien gaineko Zerga ezartzeagatik eta orain, beste lurraldeak ezartzen hasi direnean, hemen aldatuko dute. Ulertezina gipuzkoarren gehiengoa osatzen dugun eta honen ondoriozko kalteak jasango ditugun langile, langabe, autonomo eta enpresa txikientzat. Mesedegarria aldiz enpresari handi aberatsenentzat.

Horrelako zerga politikak dira, hain zuzen ere, murrizketa sozialak dakartzatenak. Eusko Jaurlaritzak berak onartu behar izan du aste honetan bertan Bizkaiko zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz murrizketa sozialak egin beharko dituela. Eta hori da, hain zuzen, batzuei esker Gipuzkoak hartutako norabide berria. Alarma gorria piztu da Gipuzkoan.

Gipuzkoa atzerakoi, neoliberal eta elitista da EAJ eta PSE hor eta hemen ezartzen ari direna. Ez soilik Gipuzkoako Foru Gobernuan, bi alderdien arteko gobernuak osatu diren herri gehienetan baizik.

Honen adibide garbia da alkate eta baita hainbat zinegotzik ere euren buruei ezarritako soldata desorbitatuak, herritar guztien poltsikotik ordaintzen ditugun soldatak.

Are gehiago, EAJ-PSEk Gipuzkoako Batzar Nagusietara ekarritako lehen gaia hauxe bera izan da, alkateei 78.000€ arteko soldatak ezartzeko eskumena eskainiz. Argi markatu dute zein den bada euren lau urte hautarako norabidea.

67.000€ urtean Azkoitiko EAJko alkatearentzat, beste hainbeste Beasaingoarentzat eta 65.000 Arrasateko alkatearentzat. A ze mauka!

Soldata desproportzionatuak eta aberatsenen mesedetarako zergak PNV-PSEren ereduaren adibide dira, baina baita Kortxoenean bezala, gazte aktibo eta burujabeek osatutako eskaintza autogestionatuen kontra hasitako bidea ere. Inori minik eragiten ez dion gune kultural bat botatzeko baimena ematea izan da Donostiako Gobernu berriak hartu duen eta hiriburuan inork gutxik ulertu duen erabakia.

Harrotasunez aipatzen duten Tabakalera zabaltzea ona den bezala, herri-kultura zaintzeak ere edozein gobernuko lehentasuna izan beharko luke. Baina Donostian ez, kasu honetan ere elite batzuentzako kultura da sustatu nahi dutena Eneko Goiak eta Ernesto Gascok.

Eta horiek adibide batzuk baino ez dira: errauskailuaren inposaketaren iragarpena, euskararen erabilera Diputazioaren prentsa aretoan edota Donostiako Euskara Batzordean, Irun eta Hondarribiako Alarde mixtoari bizkarra ematea, zezenketak eta monarkia Donostiara itzularaztea... Zerrenda luzeegia da.

Egoera honen aurrean, EH Bildun argi daukagu zein izan behar den gure bidea. Alde batetik, atzerantz eman nahi den urrats bakoitzaren aurrean herritarrei zein eragile sozialei eragiten dieten kaltea salatu, eta bestetik, gauzak beste modu batera egitea posible dela erakustea. Gipuzkoak badu alternatiba ekonomiko eta soziala, denon interesak gutxi batzuen pribilegioen aurretik jartzen dituena, babes soziala eta denon ongizatea murrizketa sozialen eta obra faraonikoen aurrean jarriko dituena.