EH Bilduko ordezkaritza zabal batek harrera egin dio gaur udaletxean Hondarribiako berdintasunezko alardeari. Koalizioak herritar guztiak animatu ditu errespetua eta bakea nagusi diren jaietan gozatzera; penagarritzat jo du Foru Gobernu berriak ordezkaritzarik ez bidaltzea, eta plastiko beltzak desagertzeko deia egin du.

Xabier Olano eta Ainhoa Beola Gipuzkoako batzarkideak Hondarribiako Alarde parekidearen harreran izan dira, koalizioko beste hainbat ordezkarirekin batera, emakumeenganako diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatzeko. Ainhoa Beolak salatu duenez, aurreko legealdian ez bezala, aurten ez da Foru Aldundiko ordezkaritzarik izan berdintasuna bermatzen duen alarde bakarrean: “Diputatu nagusi berriaren jarrerak emakumeen aurkako diskriminazioa babesten du, eta hori onartezina da. Berdintasunean ere, lau urte egin dugu atzera”.

Horregatik, EH Bilduk eskatu die Foru Aldundiari, Batzar Nagusiei eta Irun eta Hondarribiako udalei Alarde parekideekin duten zor historikoa gainditu dezatela harrera ofiziala eginez. Era berean, inplikatutako alde guztiekin elkarrizketa bideak irekitzea eskatu die, bizikidetza bultzatzeko.

Honetaz gain, Ainhoa Beolak salatu du Hondarribiako kaleetan behin eta berriro ikusten diren plastiko beltzak mingarriak eta erasokorrak direla emakumeentzat. Horregatik, Foru Gobernu eta udaletako ordezkariei eskatu die hesiak desagertzeko deia egin dezatela. Azkenik, herritar guztiak animatu ditu berdintasuna, errespetua eta bakea nagusi diren jaietan gozatzera, jarrera sexistak eta emakumeen aurkako indarkeria alde batera utzita.