Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak babes osoa helaraziko die asteartean Hondarribian Alarde parekidean parte hartzen duten emakume eta gizon guztiei eta, finean, jendarte justuago eta parekideago baten alde lanean diharduten pertsona guztiei. Alarde parekidearekin bat eginik, Xabier Olano bozeramailea eta batzarkideen ordezkaritza zabal bat bertaratuko dira, koalizioaren beste hainbat ordezkarirekin batera.

EH Bilduren ustez, penagarria da PNV eta PSEk alardearekiko duten jarrera, Foru Gobernu berriak ez baitu batere ordezkaritzarik igorriko asteartean Hondarribira. Aurreko legealdian ez bezala, aurten alarde parekideak ez du izango ez diputatu nagusiaren babesa ez Berdintasun zuzendari berriarena.

Atzera pausu hauek onartezinak dira EH Bildurentzat, eta Markel Olano diputatu nagusiari eskatu dio dagozkion ardurak bere gain hartu eta berdintasun politikak garatu ditzala, indarkeria matxistaren kontra borroka dezala eta gatazka anakroniko hori konpontzeko baliabideak jar ditzala. Bai Irunen, bai Hondarribian alardeen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Hori dela eta, koalizioak erakunde publikoak -Gipuzkoako Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak, bertako udalekin batera- konponbidean murgil daitezela eskatu du.

Horretarako, aurreko Foru Gobernuak Aratekoarekin eta Emakunderekin abiatutako erakundeen arteko elkarlanarekin jarraitzea ezinbestekoa da, etorkizun hurbilean herritar guztiek festa elkarrekin ospa dezaten.