Gaude, udalak, Alarde herrikoia bere erantzukizunpean hartzeko garaia dela, parte hartzea eremu guztietara hedatuko bada. Udala da herritarrengandik gertueneko hautetsien erakundea. Hamarraldiak joan etorri, gatazkak bere horretan dirau, konponbiderako alkate eta talde guztien engaiamendua behar dugu irtenbidea eta aurrerapausoak aurkituko baditugu. Horregatik, hain zuzen ere, talde politikoei eta alkateei helarazi nahi dizkiegu gure iritzia eta proposamenak. Hondarribiarrok, behingoz, iritzi diskriminatzailetatik aske bizi gaitezen merezi dugulako.

Eginkizun horretan udala aitzindari nahi dugu; eztabaidatzeko eta adosteko tokia delako, herriko jaien antolakuntza eta erantzukizuna, azken buru, udalari dagozkiolako, garai batean egin moduan aurrerantzean berdin.

Aferan ez ikusiarena egiteari utzi eta luzatu gabe, beharrezko dugu lan talde bat eratzea udalaren ordezkaritzaren ardurapean. Deus gertatuko ez bailitzan jarraitzeari utzi behar diogu eta, aldaketak dakartzan garaiotan aurrera egiteari lotu. Hori dugu erronka. Esan bezala, gatazka gaindituko bada, elkarrizketa prozesua abiatzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Bide horretatik, EH Bilduk eragingo du erakunde publikoetan, udaletatik hasita legebiltzarreraino konponbidea justua lortze aldera eta saiatuko gara erakunde, alderdi eta gizarte eragile guztiok egin dezagun bat prozesu honetan, bakoitzak beretik, inor ukatu gabe, eta errespetua lagun. Jaiaren norabideen oraina eta geroa eztabaidagai jartzeko gunea sortzearen premia ikusten dugu. Bada zer aldatu eta bada zer hobetu. Ea guztion ahaleginarekin lortzen dugun, berandu baino lehen, guztiok elkarrekin, udalak antolatuta berriz ere, guztion parte-hartzea lagun, alaitasunean eta ahaidetasunean ospatzea jai nagusia den.

Seguru gaude alardeen inguruko gatazka gainditu daitekeela, denon artean elkarrizketa bideak eta adostasunerako gogoa aurkitzen badugu. Urrats batzuk emanak ditugu dagoeneko, jarrai dezagun aurrera. Epe ertainera elkarrizketaren bideari ekin diezaiogun eta epe laburrera, aurtengo Alardearen ospakizunei begira, ager dezagun begirunea alarde parekidearen eta parte hartzailearen pertsonenganako:

  • Ez irainik, ez bortxarik ezta baztertzeko ekimenik ere.
  • Diskriminaziorik ez. Eraikin eta espazio publikoak eta herri-ordezkariak alarde parekidearenak ere badira.

EH Bilduren iritziz, herriko jaiak izan ohi dira herritarren poza eta ondo pasatzeko gogoa gauzatzeko ospakizunak. Ospakizunak esaten dugu, zerbait ospatzea izaten delako gehienetan herrietako jaien ardatza. Herriko jaiak, kasu gehienetan, gertatutako zerbaiten edo norbaiten, pertsonaiaren baten, aitzakian antolatzen dira; gertaera/pertsonaia benetakoa izan zein alegiazkoa izan.

Tradizioa eta oroimena, bai, guk ere hori partitzen dugu, baina horren gainetik batez ere elkarrenganako begirunea eta alaitasuna ditugu arau.

Arrasateko Maritxu Kajoi (1977an sortua) edo Zumarragako Antioko baselizako uztailaren 2ko dantzaldia (Erdi Arotik datorkiguna) ditugu jaietako bi adibide; nahikoa berria bata eta oso aspaldikoa bestea. Aipatu bi jai ereduen artean mota eta izaera askotariko ospakizunak biltzen dira Gipuzkoako eta Euskal Herriko udalerrietan. Tankera horretan, askotarikoak ditugu jaiak Bidasoaldeko udalerrietan ere: Baztango mutil(neska) dantza herrikoietatik hasi eta Hondarribiako Alarde jendetsuarenganaino. Herriko jaietan, une edo garai batzuetan, tradizioak eta berrikuntzak talka egiten dute, eta talka hori ezinbestekoa da baldin eta tradizioa biziberritu nahi badugu; hau da, iturri zaharretatik jai berriak ospatu.

EH Bilduk bere egiten du Euskal Herriaren antzinako ondarearen defentsa, bere historia, bere hizkuntza eta bere kultura; eta, aldi berean, EH Bilduk bere egiten du herri zaharra biziberritzeko konpromisoa, nazio askea eta berritzailea izan dadila gurea, munduko gainerako nazioen artean, bizikidetzan.

Era berean, EH Bilduk bere egiten du emakumeen borroka berdintasunaren, parekidetasunaren bila. Gaude, XXI. gizaldia, behingoz, emakumeen askapenerako mendea izango dela, esparru pribatuan zein eremu publikoan. EH Bildu erabat engaiatuta dago berdintasunaren borrokan; pertsona orok izan ditzan eskubide guztiak, maila berean; emakumezkoa izan zein gizonezkoa izan. Hori dugu xede eta, aldi berean, abiapuntu; EH Bilduk ezin onar dezake emakumeak baztertzen dituen ekitaldirik, ospakizunik, jairik; EH Bilduk ezin onar dezake emakumezkoa baztertzen duen Alarderik.

Esanak esan, EH Bilduk jai eredu parte-hartzailearen alde egiten du, berdintasuna, parekidetasuna eta parte-hartzearen aldeko jarrera erakusteko deia luzatzen dugu.

Asmo honetatik abiatuta gogorarazi nahi dugu erakunde publikoen erantzukizuna dela pertsonen arteko berdintasuna babestea eta defendatzea; udalen erantzukizuna da, Irungo udalarena, Hondarribiko udalarena; aldundiaren erantzukizuna da, Emakunderen erantzukizuna da, Arartekoaren erantzukizuna da eta gainerako erakunde guztien erantzukizuna da baita Jaurlaritzarena ere. Erakunde publiko orok eta hautetsi orok erakutsi behar du publikoki berdintasunaren aldeko engaiamendua eta ahaleginak egin berdintasun hori gauzatzeko. Hitzak ekintzetan islatzen direlako.