Bihar eguerdian hasiko dira Ibarrako festak eta Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok udala salatu du jaiak hasteko suziria euskal presoen senide eta lagunek bota behar omen dutelako.

Beste behin, PPk Gobernuaren Ordezkariaren figura erabiltzen du Euskal Herriko eszenatoki politikoan eragiteko. PPk hautestontzietan lortzen ez duena beste era batean lortzen saiatu nahi du, hau da, Gipuzkoako hautesleek PPri ematen dioten irrelebantzia politikoa Urquijoren esku-hartzearen bidez ordezkatu nahi du. Jokabide horren atzean PPren ideologia antidemokratikoa eta inposatzailea dagoela begi-bistakoa da, eta gaur Ibarrako udalari egin dion erasoa jokabide horren beste adibidea da. EH Bilduk gogor salatzen du Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jokabidea.

Urquijoren etengabeko eskusartzea arbuiatzen du euskal jendartearen gehiengoak, eta zentzu horretan gogoratu behar dugu Gipuzkoako Batzar Nagusiek, aurtengo martxoan ospatutako osoko bilkuran, Espainiako Gobernuak Erkidegoan duen ordezkaria gaitzetsi eta figura horren desagerpena eskatu zuela.

Soilik euskararen arlokoak zenbatuta, 900 helegite jarri ditu Urquijok euskal erakundeen aurka. Eta beste arlo batzuetara ere zabaldu du bere jokabidea, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratu publikoetan klausula sozialak ezartzeagatik ere helegitea sartu zuela gogoratu behar da.