Gaurko agerraldiaren bidez zerga politikaren inguruan azken egunotan azaldu diren zenbait informazioren eta iritziren gaineko gure balorazioa egin nahi dugu eta, bide batez, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuak izateko eta justizia sozialean sakondu ahal izateko euskal gizarteak gure ustean izan behar duen zerga politikaren oinarriak azaldu nahi dizkizuegu.

Aurreko asteazkenean bildu ziren lehendabizikoz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru diputatu nagusi berriak Iñigo Urkullurekin, eta bilera horretatik atera zuten ondorioetako bat izan zen hiru foru aldundiek zerga politika bera izateko beharra; zerga politikaren harmonizazioa, alegia. Askoz gehiago ez zuten sakondu, baina bai azpimarratu zuten ez datozela bat PPk Madrildik proposatzen duen eta gauzatu nahi duen zergen jaitsierarekin.

Hurrengo egunean, atzo bertan, plazaratu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko azken zerga kanpainaren emaitzak. Hau da, EH Bilduren gobernupean eta haren irizpideak jarraituta egindako zerga kanpainaren zenbakiak jakitera eman ziren. Datu esanguratsuak eta garrantzitsuak, begiratzen den lekutik begiratuta. EH Bilduren irizpideekin ezarritako zerga politikaren bidez 30 milioi euroko saldoa lortu du Gipuzkoako Diputazioak, 2013ko kanpainarekin alderatuta. Horren irakurketak hainbat izan daitezke, baina bada datu oso adierazgarri bat: Aberastasunaren Gaineko Zergaren bidez 59 milioi euro bildu ditu Gipuzkoak; eta iruzur fiskalaren aurkako borrokak bere emaitzak eman ditu. Aberastasunaren zerga aurreko urtean baino 220 herritar gehiagok ordaindu dute (8.052 – 7.833), batzuk zabaldu zituzten beldurren aurkakoa gertatu da. Zergadunek aurreko urtean baino 2 milioi euro gehiagoko ekarpena egin diote Gipuzkoako altxortegiari. Gobernuan geundenean, martxoan egin genituen aurreikuspenak, oso osorik bete dira.

Atzo ere, zerga bilketaren datuen ondorioak argiagoak izan ezin diren arren, EAJ-PSEren Foru Gobernu berriko ordezkariak ez ziren ausartu datu horien azterketa sakona egitera, baina bai aurreratu zuen Aberastasunaren Gaineko Zerga ezabatzeko asmoa daukatela, horretarako aukera dutenean; beti ere, zerga politikaren harmonizazioaren izenean. Hau da, aurretik Markel Olano diputatu nagusiak esandakoei eutsi zien.

Argi hitz egiteko garaia da. Aberastasuna eta Fortuna Handien zerga kentzen badute, 60 milioi gutxiago ordainduko dute aberatsek urtero. Beste inork ez baditu ordaintzen, eta espero dezagun langileen bizkarrera ez eranstea, dirutza hori faltako da edozertarako (zerbitzu sozialak, kultura, errepideak, udalak, etab)

Horrelako neurriek eta erabakiek nabarmen eragiten diote gure zerga sistemaren bidez egindako diru bilketari eta, beraz, nabarmen erasaten dute administrazio publikoetatik bermatu behar den zerbitzu publikoen kalitateari eta eraginkortasunari. EAJk proposatzen duen bezala aberatsek gutxiago ordaindu behar badute, langileak izan beharko dira ekarpen handiagoa egin beharko dutenak, baldin eta diru bilketa berarekin gutxienez jarraitu nahi bada eta zerbitzu eta prestazio publikoak mantendu nahi badira. Bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialak zerbitzu eta prestazio publikoak bermatzea eta areagotzea exijitzen duenean, EAJk zerga politika atzerakoiaren eta ez-ekitatiboaren alde egiten du. Herri honetan dagoen aberastasuna birbanatzeko tresna beharrean, baliabide gehien dituztenen pribilejioei eusteko tresna bezala ulertzen du zerga politika EAJk.

Gipuzkoan ezarri den Aberastasunaren Gaineko Zergak 8.052 zergaduni eragiten die, eta horiek, esan bezala, 59 milioi euroko ekarpena egin dute. Hau da, gipuzkoarren %1 baino eragiten ez dion zerga da, eta onura gipuzkoarren %100ak jasotzen du. Bestalde, zerga horrekin aberastasun handiek Gipuzkoa utzi eta ondoko beste zerga sistemetara alde egiten duela argudiatzen du EAJk zerga hori ezabatzeko. Baina datuak, berriro ere, argigarriak dira: aurreko urtean baino 222 zergadun gehiagok ordaindu dute Aberastasunaren Gaineko Zerga, eta horiek 2013ko kanpainan baino 2 milioi euro gehiago utzi dituzte altxortegian.

Sei dira EH Bilduk proposatzen duen zerga sistemaren oinarriak:

  • Ekitatea: errenta berdinek, berdin ordaindu behar dute.
  • Progresibitatea: ahalmen ekonomiko handia dutenek, ekarpen handiagoa egin behar dute.
  • Berdintasuna: pribilegioak ezabatu. Iruzur fiskalaren aurkako borrokan tinko aritzeko oinarria.
  • Gardentasuna. Herritarrek jakin behar dute zertan eta nola gastatzen den dirua.
  • Nahikotasuna. Baliabide nahikoak bildu behar dira oinarrizko zerbitzuak bermatu ahal izateko. Sektore publiko indartsuak gizartea egituratzen du.
  • Birbanaketa. Aberastasuna birbanatzeko tresna da zerga politika.

 

Sei ardatz eta oinarri horien gainean zerga sistema izateko lanean jarraituko du EH Bilduk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Zerga politikaren harmonizazioaren izenean, azken legealdian erdietsi diren lorpenetan atzerapausoak gertatzeko arriskuan gaude, eta horrek eragin zuzena eta okerra izango du herritarrengan. Horregatik, ekitatea, progresibitatea, berdintasuna eta aberastasunaren birbanaketa oinarri dituen zerga sistema ezartzearen aldeko lanari tinko eutsiko diogu, herritarrek behar dituzten zerbitzu eta prestazio publikoak bermatzeko helburuarekin eta justizia sozialean urratsak emateko asmoarekin eta murrizketa sozial bat bera ere egon ez dadin bermatzeko.