Irun eta Hondarribiako alarde parekideei Gipuzkoako Batzar Nagusiek harrera ofiziala egiteko aukera ukatu egin dute EAJ eta PSEko batzarkideek, berriro ere bizkarra emanez emakume eta gizonen arteko berdintasunari. EH Bilduren batzarkide taldeak eskaera zuzena erregistratu zuen Eider Mendoza presidenteak Irun eta Hondarribiako alarde parekideetako konpainiei erakunde harrera egin diezaien. EAJk eta PSEk, aldiz, bere gehiengo osoa erabili dute Batzar Nagusietako Mahaian ekimen hau blokeatzeko, alarde baztertzaileen alde modu ageri bezain lotsagabean jokatuz.

EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak adierazi duenez, “oraindik ere alarde parekideak ez du erdietsi alor instituzionalaren merezi duen babesa eta errekonozimendua. Aurreko legealdian, baina, aurrerapauso nabarmenak eman ziren, bai Foru Aldunditik, bai Batzar Nagusietatik. EAJ eta PSEren gehiengo osoak, ordea, berriro ere atzera eraman nahi du Gipuzkoa zentzu askotan, emakumeon eskubideen arloan ere. Benetan kezkagarria da Gipuzkoako Parlamentua diren Batzar Nagusiek kontra egitea harrera proposamen bati, emakume eta gizonen parte-hartze parekidea burutzeagatik”.

Beolaren hitzetan, "EAJ eta PSEren ordezkari publikoek ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen tamaina honetako eskubide urraketak gertatzen diren bitartean, Batzar Nagusiak gipuzkoar ororen oinarrizko eskubide zibilen babesle baitute behar izan”. Horregatik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Gipuzkoako esparru guztietan gauzatu dadin, erakundeetako ordezkariei ardura eta erantzukizuna eskatu die: “Atzerako pausurik eman gabe aurrera egiten jarraitzea eskatzen diegu, gipuzkoarrekiko erantzukizunez eta herritar guztien askatasuna babestuz".