EH Bilduk kezka azaldu du Bidegi auziaren inguruan azken egun hauetan publikatzen ari diren albisteengatik. Argitaratutako informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko goi kargu politikoak inputatuekin bildu dira, eta baliabide publikoak erabili izan dira hauen defentsan. Horregatik, EHBildu batzarkide taldeak presazko azalpenak eskatu dizkio Foru Gobernu berriari, bere jarrera eta hartu dituen erabakiak argitu ditzan.

EH Bilduren ustez, bereziki kezkagarria da eta arduratzeko modukoa Foru Gobernuaren jokabidea Bidegi auzian. EHBilduk baieztatu ahal izan duenez, Aldundiak jarri die abokatua bi inputaturi (gerora aldatu duten arren) eta ulertezina izateaz gain, oso larria da. Publikatu diren informazioei erreparatzen badiegu, gainera, Bidegiko zuzendari berria hiru inputatuekin bildu da, Aldundia akusatzaile den auzian. Gainera, abokatu berdina agertu izan da inputatuen defendatzaile gisa eta akusazioko abokatu gisa, ulertezina den nahaste-borrastean.

Kasuaren larritasuna kontuan izanik, Bidegin izan diren ustezko irregulartasunak argitzeko Foru Gobernuak izango duen jarrera azaltzea eskatu du EHBilduk: “Agertutako informazioak berehalako azalpen urgentea behar dutela uste dugu. Aurreko legealdian, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen edozein administrazio publikotatik espero daitekeena: delitu zantzuak aurkituz gero, frogak bildu eta epaitegiaren eskuetan jarri, eta epaileak zantzuak ikusi ditu. Foru Gobernua berriari ere Bidegi auzian gardentasun osoa eskatzen diogu, herritarrek benetan jakin dezaten zer gertatu den”, esan du Iban Asenjo batzarkideak.

Bere hitzetan, “azalpen publiko eta egokia eman beharko dute, akusazioa larria baita eta, azalpen sakona behar du”.