Bruselak uko egin dio Gasteiz-Burgos tartea finantzatzeari eta gero eta garbiago dago, proiektua gelditu ezean, AHT irla isolatu bat baino ez dela izango, loturarik gabekoa ez hegoaldearekin, ez iparraldearekin.

“Bruselatik apurka-apurka iristen diren albisteak gero eta argiago uzten ari dira Abiadura Handiko Trena (AHT) gutxi batzuk aberasteko zentzugabekeria hutsa dela eta EAEko hiru hiriburuen arteko metro megagarestia baino ez dela izango”, ohartarazi du gaur Dani Maeztuk. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Europar Batasunak hartutako azken erabakia adierazgarria da oso, espainiar Gobernuaren eskaria baztertu eta Gasteiz-Burgos tartea finantzatzeari uko egin baitio; horrek esan nahi du tarte hori ez dela egingo Madrilek ez duelako horretarako beharko lukeen gaitasun ekonomikoa eta, beraz, euskal Y-ak ez du loturarik izango ez hegoaldearekin, ez eta iparraldearekin ere, frantziar Gobernuak esku artean dituen txosten teknikoek obra hori ez egitea gomendatzen dutelako”.

Maeztuk AHT eraikitzeko proiektua lehenbailehen bertan behera uztea ezinbestekoa dela berretsi du, “diru publikoa lotsa gabe xahutzen ari delako, milioiak eta milioiak, inora joango ez den tren bat egiteko. Proiektua gelditu ezean, Gasteiz, Bilbo eta Donostia bakarrik lotuko dituen metro hipergarestia besterik ez dugu izango, munduko garestiena, herritar gehienek ordaindu ezin izango dutena. Eta hori guztia, izugarrizko gastu publiko hori, gainera, enpresa handi batzuen poltsikoak betetzeko soilik”.