EHBilduko ordezkaritza zabal batek harrera egin dio gaur udaletxean Irungo berdintasunezko alardeari. Xabier Olano eta Ainhoa Beola Gipuzkoako batzarkideak bertan izan dira, alarde publikoa zoriondu dute eta emakumeenganako diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte: “Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lekua eta Batzar Nagusietako lehendakariaren lekua betetzera gatoz, beraiek emakumeak bakarrik ustea erabaki baitute. Emakumeon eskubideetan ere, lau urte egin dugu atzera”.

Horrela, EHBilduk beste behin eman dio babesa herrian Alarde publikoa, bakarra eta berdintasunezkoa egitearen aldeko aldarrikapen historikoari. Aldi berean, Irundar guztiak animatu ditu berdintasuna, errespetua eta bakea nagusi diren jaietan gozatzera, jarrera sexistak eta emakumeen aurkako indarkeria alde batera utzita. 

Aurreko legealdian ez bezala, aurten ez da ez Diputatuen Kontseiluko, ez Batzar Nagusietako kiderik izan berdintasuna bermatzen duen alarde bakarrean eta EHBilduk penagarritzat jo du hori. Horregatik, Markel Olano diputatu Nagusiari eskatu dio dagozkion ardurak bere gain hartu eta berdintasun politikak garatu ditzala, indarkeria matxistaren kontra borroka dezala eta gatazka anakroniko hori konpontzeko baliabideak jar ditzala. “EAJk eta PSEk osatzen duten Foru Gobernu berriak atzera bota dituzte Instituzio publikoetatik berdintasunaren alde emandako aurrera pausuak. Diputatu nagusi berriaren jarrerak emakumeen aurkako diskriminazioa bultzatzen du”, salatu du EHBilduk.