Ate joka ditugu Irungo jaiak eta bertako ospakizunetako hitzordurik garrantzitsuena: alardea. XXI. mendean ondo sartuta gauden arren, oraindik ere Irun eta Hondarribiko alardeak emakumeen eskubideen eta, beraz, giza eskubideen urraketen esparruak izaten jarraitzen dute. Urteetan bertako emakumeek eta bestelako eragile sozialek egindako borrokari esker aurrerapauso nabarmenak eman diren arren eta gizon-emakumeek osatutako alardea urtero kalera ateratzen den arren, oraindik ere alarde parekideak ez du erdietsi alor instituzionalaren erabateko babesik eta errekonozimendurik.

Alor instituzionalaren aldetik beharrezkoa den aitortza eta babes horretan aurrerapauso nabarmenak egin dira azken lau urteotan. Izan ere, Gipuzkoako erakunde nagusietako ordezkari instituzionalek, harrera instituzional ofiziala egin diete Irungo eta Hondarribiko alarde parekideei.

Gipuzkoa anitza, librea eta herritar guztien oinarrizko eskubide zibilak babestu behar direla jabetuta, emakume eta gizonen parte-hartze parekidea, festa giroan ere gauzatu behar dela barneratua izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakaritzak azken lau urteotan.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Gipuzkoako esparru guztietan gauzatu dadin, erakundeetako ordezkariok lider izan behar dugula uste dugu EH Bildutik, eta horregatik atzerako pausurik eman gabe aurrera egiten jarraitzea dagokigu, gipuzkoarrekiko erantzukizunez, eta herritar guztien askatasuna babestuz.

Hori horrela izanik, EH Bilduren batzarkide taldeak eskaera zuzena erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eider Mendoza BNetako presidenteari, eta osatu berri den Gipuzkoako Foru Aldundiari, Markel Olano diputatu nagusiari, Irunen eta Hondarribian izango diren alarde parekideetako konpainiei, erakunde harrera ofiziala egin diezaieten.

Eskaera bera egiten diogu Ararteko izendatu berri duten Manuel Lezertuari, eta Irungo Udalari. Urteak joan eta urteak etorri, PSE-EEren gidaritzapeko Irungo Udala ez da kapaz izan eskubide guztiak bermatzen dituen alarde parekideari merezi duen harrera ofiziala egiteko eta, okerragoa dena, errespetu minimoa agertzeko. Gauza bera exijitzen diogu Hondarribian urtetan gobernatzen ari den PNVri ere. Ordezkari publikoek alarde publikoari zor diote begirunea, baina PSE zein PNVko ordezkariak honi bizkarra eman diote.

Biek, PSEk eta PNVk, Irunen eta Hondarribian, bizkar eman diote emakume eta gizonen berdintasuna gauzatzen duen ariketa praktikoari, jai parekideari, alegia, alarde mistoari; eta alarde baztertzaileen alde modu ageri bezain lotsagabean jokatzen dute urtero. Orain Gipuzkoako erakunde nagusietan gobernu akordioa duten horretan, gipuzkoarrekiko erantzukizunen, eta herritarren oinarrizko eskubideen alde eginez, Irunen eta Hondarribian alarde mistoari harrera ofiziala egitera deitzen ditugu.

Era berean, eta urtero ekainaren 30ean eta irailaren 8an EAEko Emakumeen Berdintasunerako Legea urratzen dela ikusita, lege hauste horiek saihesteko zein neurri hartzeko asmoa daukan galdetu nahi diogu beste behin Jaurlaritzari eta Urkullu lehendakariari. Eusko Jaurlaritzak ezin du jarraitu beste aldera begiratzen tamaina honetako lege eta eskubide urraketak gertatzen diren bitartean.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea esparru guztietan gauzatu behar denez, ordezkari publikooi dagokigu haren aldeko zaintza eta berau lortzeko ardura instituzionalarekin jokatzea, Gipuzkoako erakunde nagusietako ordezkari instituzional garen neurrian. Azken urteotan bezala, EH Bilduko ordezkariak han izango gara, eta BNetako lehendakaria, GFAko ordezkari nagusia, eta Irun zein Hondarribiko alkateak, alboan izan nahi ditugu.