EAJk eta PSEk osatutako Foru Gobernu berriak Gipuzkoa atzera eta eskuinera eraman nahi duela salatu du gaur EH Bilduk, elite pribilegiatuen interesak eta makro-proiektu zaharrak berriro ekarriz Foru Aldundira. Bi alderdiek iragarri duten akordio programatikoaren arabera, Fortunen Gaineko zergaren erreformaren bitartez aberatsenen mesedetara jarriko dute fiskalitatea eta egoitzetako emakume langileen lan eskubideak ez dituzte babestuko. Gainera, Diputatuen Kontseiluko egitura handitu dute gastu publikoa igoz.

Xabier Olano eta Ainhoa Beola EHBIlduko bozeramaileek Foru Gobernu berriaren egitura eta akordio programatikoa kezkagarriak direla esan dute gaur.

Beolaren hitzetan, “elite pribilegiatuen interesak Diputaziora bueltatuko dira Foru Gobernu berriaren eskutik. Fortunen gaineko zerga berregingo dutelako, aberatsenen mesedetara jarriz herrialdeko fiskalitatea”.

Gizarte Politikari dagokionez, egoitzetako emakume langileak alde batera laga eta Adegi patronalaren aurrean bakarrik utziko dituztela esan dute. “Argi dugu gizarte zerbitzu publikoak Diputazioaren ardura direla, eta herritarrei zainketa duinak bermatzeko, emakume zaintzaileek lan baldintzak duinak izan behar dituzte. Kontrakoak, hau da, prekarietateak, zerbitzu publikoen kalitatea kaltetzen du”.

Gainera, Foru Gobernu berriak, berriro ere, makro-proiektu zaharretan zentratzen du bere politika. Hondarribiko aireportua, AHTa, errauste planta... “Ez dute ezer berririk jarri mahai gainean. Eliteak pribilegiatu, makro-proiektuetan dirua xahutu, langileak eta gazteak prekarizatu. Hau da, krisira ekarri gaituzten errezeta eta patroi berdinak errepikatu. Gizartearen desberdintasunetan sakontzen duen eredu neoliberala, atzerakoia eta eskuindarra”, adierazi du Ainhoa Beolak.

EAJ eta PSEren arteko akordio programatikoaz gain, Foru Gobernu berriaren egitura ere baloratu du Xabier Olanok. Alderdi jeltzalearen seik eta alderdi sozialistaren hiruk osatuko dute bederatzi diputaturen taldea. Egitura handitu dute departamentu berri batekin, horrek dakarren gain-kostuarekin. “Ez zen beharrezkoa Diputatuen Kontseiluko egitura handitzea. Zeri erantzuten dio honek?”, galdetu du Olanok.

Era berean, salatu du parte-hartzea eta Berdintasuna Diputatu nagusiaren kabinetetik kanpo laga dituztela, beraz, aurreko gobernuan izan zuten pisu espezifikoa galdu dute.

Honetaz gain, Xabier Olanoren hitzetan, deigarria da Kutxabankeko goi kargu bat egotea Diputatuen Kontseiluan, Ogasuneko diputatua, alegia: “Jakin nahi dugu Kutxabankeko gaien inguruan izango duen jarrera, abstenituko ote den, nola beteko du kargu publiko batek izan behar duen erantzukizuna modu arduratsu batean, interes publikoaren defentsa banka pribatuaren interesen aurrean... Dagozkion agerraldiak eskatuko ditugu Batzar Nagusietan gauzak argitzeko”.