Xabier Olanok Gipuzkoako Diputatu Nagusia izateko bere hautagaitza erregistratu du, eta datorren asteartean, hilak 23, Batzar Nagusietan ospatuko den osoko bilkuran defendituko du.

Pasa den maiatzaren 24an lortutako 103.000 herritarren atxikimenduetan oinarrituta, Xabier Olanoren hautagaitza aurkeztea erabaki du EH Bilduk. Gogoratu behar da hauteskunde hauetan EH Bildu bigarren indarra izan zela Gipuzkoan, EAJk baino batzarkide bat gutxiago lortuz.

Gipuzkoa justuagoa, solidarioagoa eta euskaldunagoa helburu duen gobernu plana aurkeztuko du asteartean EH Bilduk. Gobernu plana ez da zerotik abiatuko, eta azken lau urteotan Gipuzkoako gobernuan izandako esperientziatik abiatuta, hurrengo lau urtetako proposamenak, egitasmoak eta neurri zehatzak aurkeztuko ditu Xabier Olanok.

Datu guztien arabera, datorren asteartean EAJ eta PSEren arteko hitzarmenaren ondorioz Markel Olano izango da Diputatu Nagusia, sorpresarik egon ezean. Baina erantzukizunez jokatuko du EH Bilduk, eta programaren araberako atxikimenduak lortzea bilatuko du.

Edozein kasuetan, datozen lau urtetan ere, herritar guztien interesak defendatzen jarraituko du Gipuzkoako EH Bilduk, eta bere eskakizunak, nahiak eta beharrak eramango ditu Batzar Nagusietara, gobernuan egon ala oposizioan egon.