Gaur goizean Lazkaon, EH Bilduk bere lehen Herrialde Batzarra ospatu du Gipuzkoan. Horrela, gaurko batzarrarekin beste pausu bat eman dugu EH Bildu indartzeko bidean. Batzarrean bi puntu jorratu dira, alde batetik udal eta foru hauteskundeen emaitzen balorazioa eta, bestetik, aurrera begirako ildoak zehaztu ditugu.

Hauteskundeen balorazioari dagokionez, esan behar da azkeneko egunetan batzarrak burutu ditugula herriz herri eta eskualdez euskualde. Izan ere, behetik gorako hausnarketa prozesua egiten ari da Gipuzkoako EH Bildu.

Hauteskunde emaitzen inguruan ariketa zintzoa egin dugu gaurkoan, bai kuantitabiboa baita kualitatiboa ere. Herrietan izandako batzarretan egin diren hausnarketak nahiko homogeneoak izan dira. Hau da, ikuspegi konpartitua dugu botu galeraren atzean dauden arrazoien inguruan eta kohesio handia dago aurrera begira ezarri behar diren neurri zuzentzaileen inguruan.

Laburbilduz, politika egiteko moduei dagokienez gauzak askoz hobeto egin behar ditugu. Edozein egitasmo politikoa aurrera eraman baino lehen herritarrekin askoz gehiago landu behar dira gaiak. Herritarrei gehiago entzun eta ibilbide konpartituak diseinatu behar ditugu.
Aurrera begirako lan ildoen inguruan, baikor da Gipuzkoako EH Bildu. Hauteskunde hauetan ehun mila borondate baino gehiago biltzeko gai izan gara eta hori oso oinarri sendoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Hauteskunde hauetan lortu ditugun 400 zinegotzi, 17 batzarkide eta 40 alkatetza aldaketa politiko eta sozialaren mesedetan jarriko ditugu.

Erabakitze eskubidea agenda politikoaren erdian kokatzea izango da gure lehentasuna. Euskal Herria bidegurutze historiko baten aurrean dago eta EH Bilduk tamainako erantzuna eman nahi dio erronka horri.

Beste aldetik, atzo Xabier Olanok adierazi zuen moduan, Batzar Nagusietan oposizio eraikitzailea egingo dugu, eta akordioak bilatuko ditugu aldaketa politiko eta sozialaren norabidean.

Udal gobernuan gauden eremuetan, eredu politiko eta sozioekonomiko berria sustatuko dugu, betiere gure egitasmoak herritarrekin konpartituz, ekarpenak jasoz eta erritmoak errespetatuz.

Eta EH Bildu erakundeetatik Herri mugimenduarekiko harremanak biderkatuko ditugu.