EH Bilduko ordezkariek gaur eraman dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietara batzarkide kargua hartzeko kredentzialak. Behin tramite hori bete eta gero Xabier Olanok prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, oposizio eraikitzailea egingo dutela iragarri, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak bultzatuko dituztela adierazi eta Batzar Nagusietan Gipuzkoako aniztasuna errespetatzeko eskatu du.

Hain juxtu datorren astean osatuko den Batzar Nagusietako Mahaian, hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten bost alderdietako kideak izan daitezela eskatu du eta kazetarien galderei erantzunez, esan du, herrialdeko aniztasun hori errespetatzearekiko, atzo EAJk ez zuela erantzun argirik eman bi alderdien arteko bileran.

Oposizio zintzo leial eta eraikitzailea egingo dutela adierazi du Xabier Olanok: “elkarlanerako prest gaude kasu bakoitzean antzeko planteamenduak dituztenekin”.

Eskerrak eman die hauteskundeetan parte hartu duten herritarrei eta, EH Bilduri bozka eman dieten 103.000 gipuzkoarrei argi adierazi die, EH Bilduri oposizioa egitea dagokiola eta oposizio eraikitzailea izango dela, batez ere arlo sozioekonomikoan eta erabakitzeko eskubidearen inguruan, “uste dugulako badagoela arlo horretan elkarlanerako aukera”.

Bestalde, adierazi du, laster, Batzar Nagusietako mahaiaren osaketan ikusiko alderdien arteko elkarlanerako gogorik dagoen. Mahaian bost kide daude eta gipuzkoarren horrela erabakita, bost alderdik dute ordezkaritza Batzar Nagusietan; “guk aniztasun horren alde, mahaian bost alderdiek ordezkari bana izateko proposatutako dugu, bakoitzari dagokion garrantziarekin. Ikusiko dugu aniztasun hori errespetatzen den”.