Gaur argitaratu den informazioaren arabera, Espainiako Bankuak ez ditu behartuko banku fundazioak akzioak burtsara ateratzera, eta horrenbestez, Kutxabanken akzioak ez dute zertan burtsara atera behar izango. Gai honen inguruan zenbait zehaztapen egin nahi ditugu EHBildutik:

1.- Lehenengo eta behin, argitaratutako informazioan bertan aitortzen da proposamen horrek Europako Banku Zentralaren oniritzia behar duela. Era horretara, aukera hori inolaz ere ez dagoela ziurtatuta argi esan beharra dago, Europako Banku Zentralak kontrako erabakia ere eman dezakeelako.

2.- Bestalde, eta hori baino garrantzitsuagoa, kutxak banku fundazioak bihurtzea hanka-sartze handia izan zen. Kontrol publiko eta soziala galtzeaz gainera, Kutxabanken etorkizuna eta bere pribatizazioa Espainiako Bankuak banku fundazioen inguruan erabakitzen duenaren pentzura geratzea da.

3.- Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago Europako Banku Zentralaren eta Espainiako Bankuaren azken helburua kutxak izan ziren erakunde guztiak pribatizatzea dela. Europa zeharkatzen ari den olatu neoliberalak kutxak jarri ditu jomugan eta ez da geldirik egongo banka handiak kutxen altxorra bere eskuetan izan arte. Ez da ahaztu behar kutxa horiek erakunde publikoen eta milaka eta milaka herritarren aurrezkien bitartez sortuak izan zirela.

4.- Horregatik, Kutxabanken pribatizazioa saihesteko eta kontrol publiko eta soziala bermatzeko proposamen gauzagarri, eraginkor eta juridikoki bideragarri bakarra Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutakoa da; hau da, Kutxabanken akzioak udalen eta aldundien esku uztea. Esan bezala, proposamen honek bidea ematen du erakundearen gaineko kontrol publiko eta soziala berreskuratzeko eta, aldi berean, banku fundazioak pribatizatzeko presioak ezabatzen ditu.

5.- Ozta-ozta erdietsitako garaipenak ospatu beharrean, aipatutako proposamen inguruko akordioa bilatzeko gai izan beharko ginateke herri honetan, eta horretara Kutxabanken kontrol publikoa bermatua geratzen delako. Horren guztiaren helburua argia da: finantza erakundea euskal ekonomiaren, kooperatiben eta enpresa txiki eta ertainen zerbitzura jartzea eta, nola ez, herritarren eta familien zerbitzura.

6.- Amaitzeko, salatu behar dugu kontseilari ordezkariaren izendapena berariaz atzeratu dutela. Hurrengo astean egingo dute, hauteskunde kanpainatik kanpo, pertsona horrek soldatan jasoko dituen milioi euroek eragin dezakeen ezinegona ezkutatzeko.