Gaur bertan ezagutu dugunaren arabera, Bidegiren auziko kereila zabaltzea onartu du Azpeitiko auzitegiak. Eta atzo ere jakin izan genuen, Arabako zatiari dagozkion obra batzuengatik hamar milioi pagatu zituela Bidegik Eneko Goiaren aginduz. Eta gogoratu behar da Azpeitiko auzitegia Bidegi auzia ikertzen ari dela orain dela hilabete batzuk, eta hiru lagun inputaturik dauzkala: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia, eta AP-1eko Eskoriatza-Arrasate zatian aritu ziren enpresetako bi arduradun. Honen harira, Bidegiren ustezko irregulartasunak ikertzeko batzorde bat osatu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bere ondorioetan Eneko Goia eta Markel Olano erantzule politikotzat hartu zituen, eta fiskaltzari bidali zioten txostena.

Pixkanaka pixkanaka orain dela lau urte Bidegin gertatu zena ezagutzen ari gara, eta aldiro aldiro datu gehiago eta informazio gehiago ateratzen ari dira. Eta ez hori bakarrik, Azpeitiko epaitegiak onartu egin ditu aurkeztutako kereila guztiak.

Zantzu penalak baieztatzen badira, eta orain arte atera diren datu guztiek horretara garamatzate, hemen kontzienteki eta era planifikatu batean, garai hartan Bidegiren arduradun politiko nagusiek diseinatutako iruzur erraldoi baten aurrean gaude. Eneko Goia eta Markel Olanoren ardurapean izandako gertaera oso larriei buruz ari gara. Errepikatuko dut: gertaera oso larriak dira Azpeitiko epaitegia ikertzen ari direnak. Desagertutako dirutzari buruz ari gara, Gipuzkoar guztion diruaz, alegia.

Hori dela eta, onartezina da Markel Olano eta Eneko Goia honen aurrean izatean ari diren jarrera: gipuzkoar jendartearen aurrean ezkutatzen ari dira, ez dute aurpegia eman nahi. Ez dute argitzen zer gertatu zen orain dela lau urte Bidegin. Azpeitiko Epaile bat Goia eta Markel Olanoren ardurapean izandako gertaera oso larri batzuk ikertzen ari den bitartean, isilik jarraitzen dute. Onartezina da jarrera hori, are gutxiago kereilaren anpliazioa onartua izan eta gero. Azalpenak emateko garaia iritsi da, gaur bihar baino hobeto. Inolako zalantza izpirik utzi gabe.

Azpeitiko epaileak bigarren aldiz, beste kereila onartu izanak, are eta ageriagoan utzi du orain arte EAJk arreta desbideratzeko erabilitako argudioak funtsarik gabekoak direla. Hemen ez dago ez hauteskunde kanpainarik ezta EAJren aurkako konplotik ere. Aitzakiak agortu dira. Hemen dagoena dira gertaera larri batzuk, diru publiko asko desagertu dela eta hori guztiaren arduradunen azalpenak falta direla. Datu zehatz gehiegiren eta irregulartasun zantzuak dituzten jokabide askoren inguruko azalpenak falta dira hemen. Herritarrek azalpen bat behar dute, eta Markel Olanok eta Eneko Goiak ez dute eman nahi.

Herritarrek gardentasuna eskatzen dute. Bukatu dira esplikaziorik eman gabe diru publikoa alde batetik bestera inolako kontrolik gabe mugitzen ziren garaiak. EAJk, eta beste batzuk, defenditzen duten kudeaketa eredu hori agortua dago. Jendeak jakin nahi du zertan gastatzen den bere dirua.