Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritzi artikulua:

Herri hau paper fabriketan eta makina erreminten lantegietan eraiki dugu, ontzioletan, ehungintza lantegietan eta labe garaietan, enpresa handi eta txikietan, tailerretan eta kooperatibetan. Baita ere, jakina, baserrietan eta arrantza portuetan.

Milaka langileren izerdiaren gainean eraiki dugu aurrera begira bizi den herri hau; aurrera begira, bai, baina iragana ahaztu gabe.

Gure izaera eratu duten pertsona horietako asko beste lurralde batzuetatik iritsi ziren: jaioterria utzi, eta Euskal Herrira etorri ziren lanera eta bizi izatera. Horregatik, Gipuzkoak haien ekarpena aitortu nahi du. Espainiako estatuko herri askotatik (Aragoitik, Errioxatik, Asturiasetik, Andaluziatik, Extremaduratik, Galiziatik, Gaztela-Leondik...) 1940ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan guregana etorritako milaka herrikideen ahalegina eskertu nahi dugu. Haien izerdirik gabe, ez genezake ulertu gaurko Gipuzkoa, ez gaurko Euskal Herria. Haien lanik gabe, ez ginateke izango gaur garena.

Izan ere, XX. mendearen erdialdean, Gipuzkoak oinarri industrial sendo bat zuen, hazkunde ekonomiko indartsu eta azkar baterako aproposa. Euskal Herrian bezala, Espainiako estatuko beste herri askotan bilatu zen garapen ekonomikoak behar zuen eskulana. Milaka jende atera ziren Gaztelatik, Galiziatik, Andaluziatik eta Extremaduratik, Euskal Herrira etortzeko, landa ingurune askoren atzerapen negargarriak bultzatuta, bidegabekeria sozial jasanezinei aurre egin ezinik, frankismoaren zapalkuntza politiko eta sozial itogarritik ihesi, edo, besterik gabe, bizi maila hobetu nahirik.

Ez zuten paradisurik aurkitu hemen. Izan ere, inon ez dago paradisurik, gutxiago etorkizun hobe baten bila sorterria utzi behar duenarentzat. Gizon-emakume haiek lan baldintza gogorrak izan zituzten maiz: lanordu luzeak, soldata eskasak, eta oinarrizko eskubide guztiak ukatuta, zer esanik ez greba egitekoa edo sindikatuak sortzekoa. Bizi baldintza zorrotzak izan zituzten; haur ugariko familiak etxebizitza ezin txikiagotan hazi beharra, zerbitzu gutxienekorik gabeko auzo eta herrietan.

Lan eta bizi baldintza gogor haiek gainditzeko borrokak elkartu zituen, beste guztiaren gainetik: Espainiako estatuko herrietatik etorritakoak eta hemen bertan jaiotako langileak. Lan baldintzak hobetzeko borroka, eskubide sozialak aldezteko borroka, auzo eta herri gizatiarragoen aldeko borroka, haiek izan ziren jatorri askotariko jendeen elkartasunaren kemen, haiek izan ziren nortasun kolektibo baten eraikitzaile, haiek izan ziren herri bakar baten partaide sentiarazteko indar. Inguruko beste lurralde batzuen aldean, Euskal Herriaren sare sozial eta sindikala indartsuago bada, lan baldintzak hobeak baldin badira hemen —azken urteotan ezarri zaizkigun murriztapen gogorren gainetik ere—, antolatu eta borrokatu ziren haiei zor diegu. Aitortu behar dugu, gainera, beste lurralde batzuetatik etorritako askok herri honen eskubide politikoen alde egindako borroka adoretsua.

Ez dugu ukatuko bizikidetza arazoak eta elkar ulertu ezinak egon direla, askotan, beste lekuetatik iritsitakoen eta hemen jaiotakoen artean, bistan denez; baina herri heldu bat gara, gure iragana eta oraina aintzat hartu nahi ditugu, harro egoteko arrazoiak ditugu, baina badugu, baita ere, zer gainditurik. Iraganeko garaietan tentsioak eta arazoak sortu ziren, nortasun, kultura edo kidetasun sentimenduen aniztasunaren kudeaketa desegoki baten ondorioz, eta frankismoak ere ez zuen, jakina, bizikidetza ezertan lagundu. Uste dut, hala ere, egoera haiek gaindituta daudela gehienbat, eta arazoetatik guztiok atera ditugun irakasbideei esker egoera hobean gaudela, esparru honetan sor daitezkeen balizko arazoei aurre egiteko eta aniztasun are eta handiagoa duen munduan bizitzeko. Gaurko Gipuzkoa askotarikoagoa, irekiagoa, abegikorragoa eta adeitsuagoa da. Ez daukat inolako zalantzarik.

Euskal Herrian bizi garen guztiok gara euskal herritarrak. Berdin Caceresen, Segovian, Burgosen, Araban edo Gipuzkoan jaiotakoak. Guztion artean eraiki dugu herri hau, eta horretan jarraituko dugu. Eraikiko dugu oinarri harturik guztion eskubideak; eskubide laboral, sozial eta politikoak herritar guztientzat. Eskubide horien artean nahi dugu, noski, bakoitzak bere hizkuntza eta kultura bizirik gordetzeko eskubidea; euskal herritarren arteko kide izatekoa, baina norberaren jatorrizko nortasunari uko egin behar izan gabe. Etorkizuna gure esku dago. Horregatik, ez garelako gure etorkizunaren beldur eta gure iraganaz oroitu nahi dugulako, Gipuzkoak aitorpena egingo die orain dela hamarkada batzuk Espainiako estatuko makina bat herritatik guregana etorritako milaka herritarrek egin duen ekarpenari eta lanari. Horregatik, martxoaren 28an, gure lurraldearen bereizgarri gorena emango diegu: Urrezko Plaka. Merezi dute. Gipuzkoa esker onekoa baita.