Helena Franco, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuaren iritzi artikulua Naiz-en:

Askotan irakurri ditugu hainbat adierazpen alderdi eta erakunde guztiak «berdinak zarete» transmititu nahi dutenak, eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiaren papera azpimarratuz, besteetatik ez dela aldentzen frogatu nahian. Ez dakigu horren atzean zer interes egon daitekeen, baina horrenbesteko insistentziak agian justu kontrakoa pentsaraz dezake, hain zuzen ere, denok ez garela berdinak.

Alabaina, errealitatea eraldatzeko asmoa eta borondatea daukagunok derrigorrez abiapuntu gisa errealitate horren diagnostiko erreal eta zintzoa egin behar dugu. Jakitun benetako errealitateak agian batzuetan aldez aurretik dauzkagun aurreiritziak lurretik botako dizkigula, edota beste batzuetan gure diskurtsoa janzteko beharko genukeen argazkia desitxuratuko digula.

Azkenaldian Falciani zerrendari buruz edota atzerrian atzemandako ondasunen trataera fiskalaren inguruan hainbat informazio eta datu oker zabaltzen ari dira, errealitatearen argazki zuzena distortsionatu dezaketenak eta horregatik argibide batzuk ematea beharrezkoa dela uste dugu, bakoitzak gero bere ondorioak atera ditzan.

Adibidez 2010ean Falciani zerrendako izenei dagokionez entzun izan da ogasun guztiek (Gipuzkoako Foru Aldundia barne) abantailazko tratua eman zietela zergak ordaindu ez zituztenei eta borondatezko erregularizazioak sustatu zirela inolako ikuskapen fiskalik ireki gabe. Garai hartan Bildu gobernuan ez egon arren, gaur egun datu horien inguruko informazioa gure esku izanik, gezurtatu beharrean gaude. Gipuzkoan ez ziren sustatu borondatezko erregularizazioak, justu kontrakoa, eragindako guztiei inspekzioak ireki zitzaizkien. 2010ean 68 zergadunen izenak jaso ondoren 104 ikuskapen jarduketa burutu ziren (ahaideak barne) eta zegozkien isunak aplikatu ziren. Zehazki zerrenda honen ikuskapen planaren amaierako balantzea (2012ko abuztu- an) honakoa izan zen: 454 akta altxa eta 364 isun ezarri ziren

Iradoki da era berean Foru Ogasunek inolako bereizketarik gabe uko egin diotela iruzurgileentzako trataera gogortzeari.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bilduren eskutik azken lau urteetan iruzurraren kontrako borrokan egindako urratsak nabarmenak dira (galde diezaietela lehe- nago ingeniaritza fiskaleko planifikazio agresiboegiak egiten ohituak zeuden hainbat zergadun boteretsuri); eta ezin zaio egotzi iruzurraren aurrean onarpen zabala erakustea, edota iruzur fiskalaren aurkako borroka gogoz ez bultzatzea. Ildo horretan emandako neurri garrantzitsuenak aipatzearren:

1) SPE erregimen berezia arauditik ezabatu eta operazio horien kontrako inspekzio anitz eta jarduketa mardulak egin dira.

2) Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zerga martxan jarri da, non, aberatsenek gehiago ordaintzeaz gain, jabegoan duten aberastasun guztiaren gaineko kontrola areagotzen den.

3) Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda sortu da, balizko iruzurgileena, jarraipen estuagoa egin ahal izateko.

4) Euskal Herriko lau Foru Ogasunen arteko online interkonexioa martxan jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Bilduk sustatu eta hasieran ezetzak jaso arren, beste erakundeentzat saihetsezina gertatu den urratsa.

Atzerrian azaleratutako kapitalaren trataeraz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan merkealdiko prezioan erregularizatzeko aukerari eutsi diote esaten dutenean, aukera hori «Gipuzkoako Foru Gobernuaren irizpidearen aurka izan zen» eranstea ahaztu egiten da. Alegia, egia da atzerriko ondasunak azaleratzeari dagokion Gipuzkoako araudia Estatukoa baino malguagoa dela, eta zentzu horretan, iruzurgileen aldekoagoa. Baina ez da zilegi ardurak banatzeko orduan erabaki horren atzean nor dagoen ez esatea.

Bildu buru duen Foru Gobernuaren borondate politikoa 2013an aurkeztu zuen foru-arau proiektuan zegoen jasoa; bertan argi zehazten zen ezkutuan topatutako kapital osoagatik ordaindu beharko zirela zergak. Neurri hori aurrera atera bazen ere, hilabete gutxi iraun zuen indarrean; izan ere, 2014ko urtarrilean bertan behera erori baitzen EAJ, PSE eta PPren kontrarreformaren ondorioz; horrela, Bildu eta Aralarren kontrako bozekin iruzurgileen aldekoago zen araudi bat onartu zen Batzar Nagusietan.

Beraz, Gipuzkoako Ogasunak ez zion uko egin iruzurgileentzako trataera gogortzeari, gogortu zuen eta beste batzuek ezabatu zuten neurri hori. Eta ez zaigu inolaz ere bidezkoa iruditzen horrelako nahasmena erabiltzea Martin Garitano diputatu nagusiaren aurka jotzeko, 2012ko amnistia fiskalaren kontra publikoki agertu ondoren, iruzurgileentzat Estatuan baino permisibitate gehiagorekin jokatu duela leporatzeko. Besterik gabe, ez delako egia, eta beraz arinegi jokatzen da horrelako salaketa larriek ezinbestez beharko luketen oinarririk gabe botatzen direnean.

Foru Gobernu honek eta berau babesten duten alderdiek irmoki jarraituko dugu foro guztietan iruzurraren aurkako borrokan eta fiskalitate aurrerakoiago baten defentsan. Baina lan hau ez da gutxi batzuen esku utzi behar, denok gara beharrezkoak, eta ez hitzez bakarrik, batez ere ekintzez. Izan ere, oso agerikoa izan baitzen, kontrarreforma fiskala inposatu zenean, hitzez zerga politika justuago bat defenditzen duten asko orduan kontrarreforma atzerakoi horren kontra inon agertu ez izana. Horrela aukera galdu zuten, adibidez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan protesta egiteko, besteak beste progresibitatean eta ekitatean atzera egiten zuten Errenta Zergaren aurka, Sozietateen Mozkinak oraindik eta arinago zergapetzen zituen zerga baten aurka, edota ingeniaritza fiskalari lotutako hainbat neurri onartu zirenean.

Zerga sistema gauza inportanteegia da arinkeriatan ibiltzeko. Utz ditzagun behingoz argazki distortsionatuak eta has gaitezen Euskal Herrian fiskalitatean dugun errealitatearen diagnostiko egokia egiten. Ezinbesteko aurrebaldintza baita gizarte justuago eta zerga politika justuago baten alde gaudenok elkarrekin bil gaitezen oraindik luzea eta zaila izango den bide hori egiteko.