Agerraldi honen bidez, EH Bilduk Bidegin izandako ustezko irregulartasunei erantzuna emateko Gipuzkoako Batzar Nagusietan eraturiko Ikerketa Batzordean jazorikoak baloratu nahi ditu:

  1. Lehen ondorioa da irregulartasunak agerian geratu direla. 900.000 m3 lur horiek non dauden eta beraz zergatik ordaindu ziren ez du inork argitu. Ez UTEko ordezkariak, ez orduko Bidegiren arduradun politikoek ez dute argitu zergatik erabaki zen gipuzkoar guztion 3,4 milioi ordaintzea egin ez ziren lan batzuengatik.
  2. Aitzitik, irregulartasun gehiagoren berri izateko balio izan du batzordeak: Bildu Foru Aldundira iritsi baino 6 egun lehenago izenpetu ziren hainbat ordainketarena, alegia.
  3. Salagarria deritzogu EAJko kideek izandako jarrera: gipuzkoarrei azalpenak zintzotasunez eman beharrean, irainka aritu dira. Irain horien jomuga Larraitz Ugarte diputatu izan da bereziki baina aldi berean gipuzkoar guztiok iraindu dituzte. Doakio Gipuzkoako Foru Gobernuari EH Bilduren elkartasun osoa.
  4. Irainak izan dira EAJko Olano, Goia edota Mendozaren heldulekua. Helburu bakar batekin: milioika euro desagerrarazi izana irain eta zalapartaren bidez ezkutatzeko. EAJk eta Olano, Goia eta Mendozak irainak albo batera utzi eta azalpenak zor dizkie gipuzkoar guztiei.
  5. EH Bildu ez da EAJk elikatu nahi duen dinamikan eroriko. Zintzotasunez eta gardentasunez kudeatzen ari gara instituzio ezberdinak, herritarren jabetza diren diru eta baliabide publikoak errespetuz eta arduraz kudeatuz. Horrela segituko dugu, legegintzaldiaren azken minutua ere baliatuz gipuzkoarron bizkar egin diren irregulartasunak argitara atera eta salatzeko.