Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariaren esku-hartze sistematikoa pairatzen ari dira azken hilabeteetan zuzentzen ditugun udalak; udal esparruan hartutako erabakien eta neurrien aurka egiten ari da behin eta berriro.

Eremu sozialarekin eta ekonomikoarekin, euskararekin, hainbat erakunderi emandako laguntzekin edota sinbologiarekin zerikusia duten neurrien eta erabakien aurkako errekurtsoak aurkezten ari dira. Udal autonomiaren aurkako eraso horiek egoera jasangaitza eragin dute, gure eguneroko lana baldintzatu dute eta prozesu judizialetara baliabide publikoak bideratzea behartu gaitu. Galera ez da udalentzat bakarrik; jarduera horiek gizartea bera kaltetu dute.

Urquijok euskal instituzioen aurka aurkeztutako salaketak, errekerimenduak eta jarduerak ehunka dira: udalak, Batzar Nagusiak, Diputazioak, Parlamentuak, Udalbiltza. Honen guztiaren atzean dagoen helburua oso argia da: gure instituzioen funtzionamendua baldintzatu nahi dute eta bere erabaki ahalmena Estatuko Gobernuak zehaztutako mugen barruan utzi nahi dute. Jarduera antidemokratiko baten aurrean gaude; euskal herritarrek aukeratutako instituzioen eta ordezkarien aurrean errespetu falta ikaragarria erakusten dute.

Esku-hartze honi aurre egiteko, hainbat dira Euskal Herriko erakundeak onartutako ekimenak, erreprobazioak, salaketak... Dena dela, ez dute ibilbide luzerik izan. Bien bitartean, Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere jardunbideari eusten dio. Tokiko autonomiaren aurkako eraso larriak egiteaz gainera, euskal instituzioen adierazle nagusiak gutxiesten dituen kudeaketa eredua inposatu nahi du.

Gure udalerriak ordezkatzeko aukeratuak izan garen alkateak eta ordezkari publikoak garen heinean, eta interes edo kolore politikoen gainetik, egoera honi aurre egiteko deia egiten dugu. Etengabeko esku-hartze honi aurre egiteko urrats irmoak eman behar ditugu euskal instituzioetatik.. Urquijoren eta estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eta komuna eskatzen dute, pairatzen ari garen erasoaren neurrikoa. Instituzioetatik eman behar da erantzun hori, eremu politikotik eta gizartetik, euskal instituzioetan hartutako erabaki demokratikoekiko errespetua exijitzeko.

Horregatik, gaur egindako bileran erabaki dugu:

  • Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordea izendatzea. Honen helburua da erantzun bateratua gorpuzteko mekanismo politikoak eta juridikoak proposatzea.
  • Hemen, Euskal Herrian, hartzen diren erabaki demokratikoen usurpaziori erantzuteko deia egitea euskal gizarteari. Gainera, hori guztia euskal gizartea ordezkatzen ez duen figura anakroniko eta antidemokratiko batek egiten du.
  • Zentzu horretan, Kontseiluak deituta "Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara" bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartuko dugula iragartzen dugu eta mobilizazio horretan egoteko deia egiten diegu herritarrei.