Atzo, Aitor Esteban EAJko bozeramaileak Bidegi auziari buruzko ikerketa batzordearen gaia eraman zuen Madrilgo Kongresura. Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu berri den Ikerketa Batzorde honek AP-1eko obretan ustez egondako irregulartasunengatik (Azpeitiko epaitegiak hiru lagun inputatu ditu auzi honengatik) egon daitezkeen erantzukizun politikoak argitzea du xedea. Espainiako Nazioaren Eztabaidan, EAJk Rajoyri Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bidegi auzia ez ikertzeko eskatu zion.

Askotan eskatu du EAJk Bidegin gertatutakoa ez ikertzeko, baino inoiz ez da iritsi hain urrutira eskaera honekin. Euskal jendartea orokorrean, eta zehazki Gipuzkoakoa, oso kezkatuta dago gure lurraldean etengabe ateratzen ari diren ustelkeri kasuekin eta diru publikoaren etengabeko xahuketarekin. Hiriko, Kutxabank, errauskailua, AHT eta Bidegi eguneroko ogia dira lagunen arteko solasaldietan eta komunikabidetan, eta mundu guztiak eskatzen dio klase politikoari kargu politiko ustelak baztertzeko eta erantzukizun politikoak argitzeko.

Egoera honetan, eskandalu bat da EAJk Bidegi auzia ez argitzeko nolabaiteko konpromisoa eskatzea Rajoyri. Zer dute ezkutatzeko? Zeren beldur dira? Argitu behar duten gauza bakarra da ea nora joan diren Bidegiren auzian galdutako milioiak. Izan ere, Anoetako estadioaren tamainako zulotzarra dago AP-1earen eraikuntzan erabili zen Basagoiti-II gordetegian eta osorik beteta balego bezala ordaindu zen. Eta ordainketa hauek Martin Garitanok bere kargua hartu baino 6 egun lehenago egin zirela gogoratu behar da.

Une honetan, epaile batek Bidegiren hiru goi kargu ohi inputatu ditu, baina garai hartan, Eneko Goia eta Markel Olano ziren Bidegiren arduradun politikoak eta beraiei dagokie herritarrei azaltzea nora joan zen dirua. Eta gogoratu behar da, baita ere, auzi honetan inplikatuta dagoen ingeniaritza enpresaren Administrazio Kontseiluaren kide direla EAJ eta PSEren goi kargu ezagunak, tartean Bizkaiko Diputatu Nagusi ohia.

Ustezko irregulartasun hauek, aurreko legealdian Bidegiren kudeaketa txarraren beste adibideak dira. EAJren gobernuak egindako obra publiko guztietan oso desfase handiak egon ziren, eta aurreikusitakoa baino askoz gehiago ordaindu zieten eraikuntzako enpresei, %65 gehiago zenbait kasutan. Diru xahuketa erraldoi honen ondorioz, Gipuzkoako Foru ogasunean 900 milioietako zuloa utzi zuen EAJk, aipatutako enpresen etekinak biderkatzen ziren bitartean.