EH Bilduk gure babesa eta atxikimendua adierazi nahi dio hurrengo larunbatean Tolosan TOPAk deitu duen manifestaldiari.



Bertan osasun publikoaren aldarrikapenarekin batera, urtarriletik aurrera ezarri nahi diguten kudeaketa eredu berriari (OSI izenaz ezagunagoa denari) aurkakotasuna adieraziko zaio.

EH Bildutik oso garbi dugu gure lehentasuna zerbitzu publikoak bultzatzea dela, zerbitzu hobeak eskaintzea, osasungintzako langileen baldintza teknologikoak eta lan baldintzak hobetuz.

Ez dugu nahi osasungintza publikoaren eta osasungintza pribatuaren arteko inongo esperimentu arraro eta nahasirik. Horrelako esperimentuek , osasungintza bezalako kontu garrantzitsu batetik aberastu nahi duten, enpresen interesak babesten dituelako soilik. Eusko Jaurlaritza osasungintza pribatizatzeko froga pilotu bat egiten ari da gure eskualdean. OSIa, ezarketa prozesu honetan, beste pauso bat besterik ez da.

Gizarte mugimendu eta instituzioen presioari esker prozesu hau mantsotzea lortu da. Hala ere, EH Bildutik garbi dugu Tolosalderako nahi dugun eredua; erreferentziazko ospitale publikoa eta anbulategi osatu eta publikoa duena dela, berau baita osasun arretaren bikaintasuna lortzeko bide bakarra.

Osasun saila erabat isilik dago, egiten zaizkion informazio eskaera guztien aurrean. Iraingarria deritzogu, hilabete baino gutxiago indarrean jarriko den kudeaketa sistemaren berri ez izatea. Jaurlaritzaren kudeaketa ilun honek, argi eta garbi erakusten digu, Tolosaldean interes pribatuen aldeko hautua egin duela Jaurlaritzak.

2014an Osakidetzak 55 milioi euroko murrizketa pairatu du, hain zuzen ere, murrizketa politiken biktima handienetako bat izan delarik, osasun publikoa.

Horrek esan nahi du espezialista gutxiago daudela, medikamentuak berrordaindu behar ditugula, langile gutxiago egon eta egongo direla...

Eusko Alderdi Jeltzaleak, PNVk, Asuncion klinika pribatua, eskualdeko osasungintzaren oinarri, ezarri nahi digu. Oso garbi dugu gure osasuna ez dela negozioa eta osasuna bezain garrantzitsua den eskubide batek zerbitzu eta kudeaketa erabat publikoa izan behar duela .

Orain arte, eskualdeko eragile eta herritarrok mantsotu dugu pribatizazio prozesu hau, eta argi dugu aurrerantzean ere horrela izango dela. Larunbatean bete ditzagun Tolosako kaleak osasungintza publiko, kalitatezko eta euskaldun baten alde.