Euskaldunon ezaugarri eta altxor bat gure arrantzale izaera da. Ezin uka herri arrantzaleok Euskal Herriari gure izaera atxikitu diotela. Horrekin batera euskal portuak euskal herriaren imaginarioan txertatuta ditugula begi bistakoa da.

Gaur arte euskal portuek (Eusko Jaurlaritzaren kudeaketapean daudenek) ez dute izan legedi propiorik. Euren kudeaketa Jaurlaritzaren esku egon da eta, funtzionamendua, kudeaketa eta planeamendua udalari bizkar emanez erabaki izan du Jaurlaritzak. Gure ustez, erabat okerra izan da orain arteko funtzioanamendua. Udalek ez dutelako izan ez hitzik ez erabakirik horien inguruan nahiz eta portuak herriaren zati izan.

Asko poztu ginen jakin genuenean Jaurlaritza portuen inguruko lege zirriborroa idazten ari zela. Poza tristura bihurtu zen segidan. Izan ere, udalok apenas izan dugu prozesu honetan parte hartzeko aukera, alegazioak tarteratu eta kitto. Normala ote da herriaren zati izan eta udalerriok eskubiderik ez izatea euren planeamenduetan?

Lege egitasmo honek sekulako aukerak eskaintzen ditu euskal portuen erabilera eta kudeaketa ondo arautzeko. Momentuz ez dirudi bide horretatik bideratu denik. Beraz, ez dezagun aukera gal. Orain arte, gaizki funtzionatu baldin badute, oraintxe dugu aukera portuak ondo arautzeko.

Harrigarria da, eta agian salagarria ere, legean ez dago inongo aipurik portuek arrantzan izan behar duten funtzioaz. Ez al da ba arrantza kostaldeko portuen funtzioa? Logikoa da portuen legean arrantza sailak zeresanik ez izatea?

Lege zirriborro honek portuak herriko eremu geografikotik kanpora dauden eremu bezala irudikatu nahi ditu. Portuek herriarekin inongo loturarik izango ez balute bezala. Eremu horien inguruko kudeaketa osoa Jaurlaritzaren esku geratzen da (hirigintza tresnak barne). Aldiz, eremu horietan herritarrak ibiltzen direnez hainbat zerbitzu herriek bermatzen dituzte. Non geratzen da eremu horien kudeaketan instituzioen arteko elkarlana? Zer planteatzen da hori bermatzeko? Ezertxo ere ez. Salagarria benetan!

Are larriagoa da portuen delimitazioarekin egin nahi dena. Jaurlaritzaren esku geratzen da ardura. Udalek ez dute txintik esateko aukerarik. Jaurlaritzak delimitazen dituen eremu horien barruan herriek ez dute ezer aportatzerik, nahiz eta herri barruan dauden gune sozial inportanteak izan. Kasu honetan ere ez da elkarlanerako tresnarik aurreikusten.

Aitzitik larriena onartzen diren erabilera berriak dira: industrialak eta komertzialak. Portuen kudeaketarekin zerikusirik ez duten erabilerak onartzen dira eta horiek guztiak KAIAK deituko den organismo publiko berri baten kudeaketapean. Guztiz onartezina gure iritziz!!!

Lege zirriborro honetan, KAIAK erakundearen sorrera aurreikusten da. Organismo publiko hori izango da portuen kudeaketaz arduratuko den entitate publikoa. Horietan ere, udalen parte-hartzea ez da aurreikusten. Gainera, legean bertan aurreikusten denez, kasuan kasu pribatizatzeko aukera egongo da.

Begi-bistakoa da, beraz, eremu ilun eta ez-garbiak sortzeko aukera handiak daudela. Izan ere, erabilerak zabalduz, pribatizazioak bultzatuz,... ezin dezakegu besterik pentsa. Bestalde espekulazio operazio ilunei ere ateak irekitzen zaizkiela uste dugu. Ez dugu ahaztu behar portuen delimitazioak zerbitzurako eremuak sortzeko aukera ematen duela. Zerbitzurako eremu horiek ez dute zergatik itsaso ertzean egon behar. Handik kilometro askora egon daitezke eta horietan ere erabilerak eta kudeaketa KAIAKen esku geratuko dira.

Bukatzeko, argi utzi nahi dugu, lege honek portuen kudeaketa zuzen eta egokiari baino instituzio jakin batzuen interesei erantzuten diela. Aitzitik, udalak ez dira aintzat hartuak izango portuen kudeaketan. Gure iritziz, udalen autonomia lokalaren kontrako urrats bortitza da hau ere. Hortaz, norabidea zuzendu eta elkarlanerako medioak ahalbideratu behar direla uste dugu.